Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hitzak egiten gaitu

2014/01/23
Andoni Egaña. 1993tik 2009ra arte Euskal Herriko bertsolari txapelduna

 

Aitorpen txiki bat eginez hasi nahi nuke artikulu hau: BECen ez nintzen uste eta espero nuen bezala emozionatu. Nostalgiaren eraginez eta orain nostalgia hori bizi ahal izateko neukan zoriaren ondorioz, espero nuen emozioek gaina hartuko zidatela egun osoan zehar eta begi-ertz bustiak izango nituela orduetan. Prestaturik nengoen eguna hunkiturik emateko. Eta ez. Hasieran, zortzi bertsolarien sarreran bai, gertatu zitzaidan espero nuena. Azal pinportatsua, begi-ertz bustiak eta bizkar-hezurrean behetik gorako kalanbre moduko hori. Eta bukaeran berriz sentitu nuen antzeko zerbait, Beñat Gaztelumendik azken agurrean anaiari eskainitako bertsotik Ametsek aitarena zen txapela amari eskaini zion arte. Baina bien bitartean…

Bitartean… ez nuke esango inola ere hunkitu ez nintzenik, baina hunkidurak ez zidan nik aurreikusitako biderik hartu. Zortzi bertsolariak lanean hasi ziren unetik, miresmen kontrolatua legamiatzen joan zitzaion bere burua zale kualifikatu samartzat daukan honi. Nigan biak bereizterik balego, esango nuke sei ordutan zehar bertsolaria gainditu zitzaiola pertsonari, profesionala zaleari nolabait esateko, eta hunkitu nintzela bihotzetik baino gehiago garunaren bidetik. Eguna usapal pasatzeko asmotan joan eta zortzikotearen maila artistikoak hegazti harrapari bihurtu ninduen. Ikasi eta ikasi eman nituen sei orduak, bazegoen eta nork irakatsia. “Inbidia pixka bat pasako huen e?”, galdetzen zidan hurrengo egunetan jendeak. Ezetz erantzuten nien. Oholtzan ez egoteagatik ez nuen batere inbidiarik pasa, eta horri buruz galdetzen zidaten. Nik inbidia pasa nuen, bai, baina zortzikotearen bertsotan egiteko moduarengatik!

Eta egiari zor, zortzi finalistak izendatu zituzten unetik espero nuen maila oso ona. Gainera, kasualitatez, epaileen gustuen batuketa diren matematikek hala agindu zutelako, Bertsozale Elkarteak Txapelketa Nagusiaren aurkezpenean txapelketa honi eman zion filosofiarekin ezin batago zetorren zortzikotearen zerrenda. lñaki Muruak txapelketa bertsoan zentratu nahi zela adierazi zuen. Ingurukoa xume eta bertsoa enfokatu. Kartela ere halakoa zen: eskuz idatzitako letra batzuk, argi hori izpi bakarra mikrofono soilera. Zortzikotea izendatu zutenean horixe izan zen nire burutazioa: bertsoa nahi al genuen erdigune? Ba hementxe dauzkagu zortzi bertsolari on. Baina batik bat, zortzi testugile bikain. Izan zitezkeen izenak beste batzuk. Unai Agirre matematika sorginek utzi dute kanpoan eta merezi zuen finalean sartzea. Mantxi ere bikain aritu da. Alaia Martini ezer gutxi falta izan zaio. Jokin Urangak tinko egin du bidea…  Kasualitatez edo ez ordea, zortzi izen geneuzkan eta ziurtasun bat neukan.

Zortzi testugile bikain elkartu zirelako, ez neukan dudarik final ona irtengo zela. Halaxe adierazi nien beraiei ere aldez aurretik, lasai zitezen. Ez nenkien zer zetorren baina zerbait ona zetorrela bai. Argudiatze gaitasuna, teman elkarri erantzutekoa, norbere unibertso partikularrak sortzekoa, bakarka istorio bat eraiki eta publikoari helaraztekoa… miresgarri zaizkit. Baina hitz bakarrera ekarri behar banu zerk harritu eta txunditu ninduen gehien, hitz hori “mimoa” litzateke. Hitzarekiko mimoa testuaren oinarri ezinbesteko.

Betelana ederlan bihurtzea zer zen aspaldi aipatu zuen Joxerra Gartziak, eta uste dut alde horretatik bat-bateko inprobisazioa gailurrak harrapatzen ari dela. Ezerk ez du berdin. Eta hori da ederra. Bihurritu gabe esaldia gaiztotzea zaila da, baina lortzen denean horrexek sortzen dio bertsolariari poxa eta entzuleari asebetea. Goizean goizetik eta beste edozer arruntagoa esan zezakeen lekuan Amets “sendatu eta sendoa” esaten entzun nuelarik, banekien bere buruari buelta bat gehiago eskatzen ari zitzaiola. Esaldia ezpaltzen saiatzen dira bertsolariak orain sekula baino gehiago. Bukaerara iristeko bidezidorrak hautatzen dituzte autopista joan errazekoen lekuan. Eta gainera bakoitzak bere erara. Horrek eragin zuen nagusiki nire gozamena eta miresmena. Umorerik ez zela esan dutenei, esango nieke nahiago dudala bertso batean, ari zela eta aurrez pentsatu gabe Maialenek maleziaz bota zuen “Sube-jana” hura entzun, ustez umorezkoak diren telebistako programa osoak ikusi baino. Eta bertigoa zer den sentitu nahi duena berriz, jar dadila Igorren lekuan eta “Izarren hautsa” doinuan eta senti dezala zer den esaldia goitik behera korapilatuta ekartze hori, bidean mila oztopo direla.

Ikasi nahiak hartu zidan gaina eta baretu zizkidan emozioak, BECeko finalean. Banekien lagunak maite nituela baina ez nekiena zen hainbeste miresten nituenik. Bestalde, palkoan egon nintzen eta begi-belarriak adi eduki nituen ingurukora ere. Han, iruditu zitzaidan, politikari, goi mailako teknikari eta gainerako gonbidatuen emozioa handia zela. Handia eta ez batere gezurretakoa. Orain, hilabete daramat emozio egiazko hori bertsolaritzaren etorkizunerako proiektuetan elkarlan nola bihur daitekeen pentsatzen.

Alderdi makurrak eta xeheago eta denboraz aztertzeko alderdiak ere eskaini zizkigun finalak. Saioaren iraupenarena esaterako. Goizekoa egoki zatekeena baino ordu erdi gehiago luzatu zen. Arratsaldekoa azkartxo ez ote zen joan izan nuen irudipena. Akaso, finalaren egitura beraren egokitasun-desegokitasunari ere egosaldi bat eman beharko zaio. Nik behintzat beste ehun bat urte pasatuko nituzkeen gustura arratsaldeko Mendiluze hura entzunez. Atzeko pantaila handiarena ere berriz pentsatzekoa iruditzen zait. Aurpegiera eta imintzioak hain argi ikusteak ez dakit ez duen gehitxo baldintzatzen publikoak bertsolariei eta euren lanari buruz daukaten pertzepzioa. Maialenen altzoari buruzko bederatziko hura ez dago sortzerik erdimin handirik gabe. Pantailak ordea erdimina min bikoitz bihurtzen du eta nire ustez min-erdi balitz hobe litzateke emaitzaren gozamenerako. Alegia, bertso entzulerik onenak entzumen oneko miopeak garela. Pentsatzekoa da baita ere, bakarkako gaiek hain zabalak behar duten, bertsolariek denbora gehiago ematen baitute zeri heldu erabakitzen bertsoak pentsatzen baino. Denboraz eta denborarekin pentsatzeko kontuak dira horiek ordea. Bego oraingoz lekukotza hau bere horretan, uste adina bai, baina ez uste bezala emozionatu zen honen hitzetan. 

 

Andoni Egaña