Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hendaian jokatuko da Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa

2013/10/09
Beltzenia ezker paretan jokatuko da saioa 17:30ean hasita. Hendaian irabazten duen bertsolaria Gernika-Lumoko finalaurrekora sailkatuko da zuzenean. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai, baita Hendaiako Beltzenia pilotalekuko Bakarxoko Ostatuan ere.

Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto dira larunbatean oholtzaren gainera igoko diren bertsolariak. . Iñaki Zelaia hernaniarra da horietatik Txapelketa Nagusia hobekien ezagutzen duena, bosgarren parte-hartzea baitu. Amaia Agirrerentzat hirugarren aldia da eta Julio Sotorentzat, berriz, bigarrena. Felix Zubiak, Iban Urdangarinek eta Iñaki Apalategik lehenenegoz kantatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle lanak

Gainerako kanporaketa guztietan bezala, sei bertsolariok honako lana egin beharko dute:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Saioa 17:30ean hasiko da, eta ateak ordubete lehenago zabalduko dira. Ohi bezala, saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai. Horrez gain, Hendaian Beltzenia pilotalekuko Bakarxoko ostatuan ere eros daitezke kanporaketarako sarrerak. Egun berean, ezker paretako lehiatila 16:00etan zabalduko da.

Hendaiakoa Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa da, eta ez da asteburuan egingo den saio bakarra izango, hurrengo egunean Altsasun jokatuko baita laugarrena.

Hendaiako kanporaketan irabazten duenak azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da. Orain arte jokatu diren kanporaketetan Amasa-Villabonan irabazi zuen Jon Martinek eta Markina-Xemeinen irabazi zuen Agin Laburuk lortu dute finalaurrekoetarako zuzenean sailkatzea.