Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gernika-Lumoko finalaurrekoak abiaraziko du larunbatean bigarren fasea

2013/11/05
Astebeteko atsedenalditxoa hartu ondoren, asteburuan hasiko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan dute bertsozaleek bigarren faseko lehen hitzordua. Saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Sei bertsolari igoko dira larunbatean Gernika-Lumoko oholtzara: Amets Arzallus, Jokin Uranga, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto eta Nerea Elustondo. Bernar Mandalunizek aurkeztuko du saioa.

Larunbatekoa lehen finalaurrekoa da eta Amets Arzallusek lehen aldiz kantatuko du aurtengo Txapelketa Nagusian. Gainerako bost bertsolariek, berriz, kanporaketetan lortu dute finalaurrekoetarako txartela. Jon Martinek eta Julio Sotok Amasa-Villabonako eta Hendaiako kanporaketak irabazita, hurrenez hurren, eta Uranga, Uria eta Elustondo lortutako puntuei esker.

Aurreko fasearekin alderatuta, finalaurrekoetan zertxobait aldatuko dira bertsolariek egin beharreko lanak:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Saioa 17:30ean hasiko da eta pilotalekuko ateak ordubete lehenago irekiko dira. Gainerako saio guztietarako bezala, Gernika-Lumoko finalaurrekorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Aforoa mugatua da.

Gernika-Lumon irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 23an Elizondon jokatuko den bigarren itzuliko lehen finalaurrekorako. Gainerakoek zain egon beharko dute lehen itzuliko finalaurreko guztiak jokatu arte, bigarren itzulirako sailkatuko ote diren jakiteko. Tolosan, Oiartzunen eta Murgian jokatuko dira lehen itzuliko beste finalaurrekoak.