Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finalaurrekoen osaketa erabaki du Oiongo azken kanporaketak

2013/10/26
Oiongo kanporaketaren ostean, finalaurrekoetako saioetan nortzuk arituko diren erabakita gelditu da. Osotara, 24 bertsolarik kantatuko dute bigarren fasean. Bi itzulitara jokatuko dira finalaurrekoak, azaroaren 9an hasiko dira Gernika-Lumon eta azaroaren 30ean amaituko Maule-Lextarren.

 

Sei kanporaketak jokatu ostean, 18 bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetarako.

Haien saioa irabazita honako bertsolariak sailkatu dira: Jon Martin (Villabonako irabazlea), Agin Laburu (Markina-Xemeingo irabazlea), Julio Soto (Hendaiako irabazlea), Beñat Gaztelumendi (Altsasuko irabazlea), Igor Elortza (Legazpiko irabazlea) eta Etxahun Lekue (Oiongo irabazlea).

Horiekin batera, puntuazioaren arabera hauek dira hurrengo faserako sailkatu diren hamabi bertsolariak: Jone Uria, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Xabier Silveira, Unai Agirre, Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Jokin Uranga, Iñigo Matzizidor "Mantxi", Odei Barroso eta Fredi Paia.

Finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta zeuden orain dela lau urte kantatu zuten sei bertsolarik: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.

Finalaurrekoen osaketa honela gelditu da: 

Azaroak 9, Gernika-Lumo: Amets Arzallus, Jon Martin, Julio Soto, Jone Uria, Nerea Elustondo eta Jokin Uranga

Azaroak 10, Tolosa: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi"

Azaroak 16, Oiartzun: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso

Azaroak 17, Murgia: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia

Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Bigarren itzulira saio bakoitzeko irabazlea eta hamalau puntuaziorik onenak pasako dira. Bigarren itzuliko finalaurrekoak Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dira azaroaren 23an, 24an eta 30ean.