Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Euskaltegiko ikasleak ere Txapelketako saioetara

2013/09/17
Txapelketa honetan ekimen berria abiatu dugu euskalduntze mugimenduko hainbat erakunde eta euskaltegik eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean. Euskaltegietako ikasleak Txapelketako saioak ikustera animatzea du helburu.

Euskal komunitatean oihartzun handia duen ekimena da Txapelketa Nagusia. Gizartean eta hedabideetan interesa pizten du. Bertsozaleentzat astebururoko plana bihurtzen da. Eta ez hain zaleentzat, saio bat aditzera joateko motibo.

Txapelketa Nagusiaren olatu horren uhinak euskara ikasleengana ere iristea nahi izan dugu. Euskaran murgiltzeko pausoa ematen ari direnei bertsolaritzaren atea irekitzeko; euskal kulturara erakartzeko; euskarazko jendarte horretan beren aulkia hartzeko.

Entzulearen aulkitik Txapelketako saio segitu izateko, zeri erreparatu, heldulekuak emango dizkie lehenik bertsolari batek, euskaltegian bertan.

Bertsoan hitz guztiak ulertu gabe ere, bertsoaz eta Txapelketa den festa handi horretaz goza daitekeela sentiaraztea izango da mezu nagusia.

Euskaltegietan saio didaktikoak eskainiko dituen lantaldea: Ainhoa Aranburu, Xabi Paya, Beñat Vidal, Ruben Sanchez, Joanes Etxebarria, Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi.

Ekimena sustatu duten euskalduntze erakundeak eta euskaltegiak: AEK erakundea eta euskaltegiak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, IKA euskaltegiak, Udal euskaltegiak, Bilboko Zenbat Gara Elkartea, Lazkaoko Maizpide euskaltegia eta beste hainbat euskaltegi.

Bertsolaritzaren atea ireki nahi du ekimenak.