Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eneko Abasolo "Abarkas"-ek Arkaitz Estiballes ordezkatuko du Txapelketa Nagusian

2013/10/04
Abasolok Markina-Xemeingo saioan bertan kantatuko du, Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeitarekin batera. Saioa 17:30ean hasiko da herriko udal pilotalekuan eta ateak ordubete lehenago zabalduko dira.

Arkaitz Estiballesek uko egin dio Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeari, hortaz ez du Markina-Xemeingo saioan kantatuko. Eneko Abasolo "Abarkas"-ek ordezkatuko du Estiballes. Iurretarra da Abasolo eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lortu zuen postuari esker ordezkoen zerrendan zegoen, hortaz gainerako parte-hartzaile guztien eskubide berberekin parte hartuko du Txapelketa Nagusian.

Beraz, seiko hau izango da Markinako udal pilotalekuan 17:30eatik aurrera arituko dena: Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita. Aurkezle lanetan Idoia Beitia arituko da.

Markinako sei bertsolarietatik lauk lehen aldiz hartuko dute parte Txapelketan: Agin Laburuk, Beñat Ugartetxeak, Eneko Abasolok eta Eneko Fernandezek. Uriak bigarren parte-hartzea du eta Enbeita da eskarmenturik handien duena, hirugarren aldiz arituko baita Txapelketa Nagusian.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean egongo dira salgai, larunbat eguerdira arte. Larunbatean bertan sarrerak erosteko aukera izango da udal pilotalekuko takilan 16:00etatik aurrera. Aretoko ateak, berriz, 16:30ean irekiko dira.

Markina-Xemeinen lehen postua eskuratzen duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 16ean Oiartzunen jokatuko den finalaurrekorako.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa da Markina-Xemeingoa. Iragan igandean jokatuko zen lehena Amasa-Villabonan eta Jon Martinek irabazi zuen, Gernika-Lumorako sailkatzea lortuz.