Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Donostiako finalaurrekorako sarrerak amaitu dira

2013/11/19
Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa jokatuko da igandean Donostian eta dagoeneko saldu dira sarrera guztiak. Igandean ez da lehiatilarik zabalduko.

Ahalik eta bertsozale gehiagori saioa bertatik bertara ikusteko aukera eskaini asmoz, Atano III pilotalekuan izan beharrean, Gaska kiroldegian jokatuko da saioa.

Arratsaldeko 17:30ean hasiko da saioa. Atano III pilotalekuaren alboko eraikina da Gaska, beraz, Donostiara datozen bertsozaleentzat ez da aldaketa handia izango.

Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza eta Jon Martin igoko dira oholtzara Donostiako finalaurrekoan. Saroi Jauregi arduratuko da saioa aurkeztu eta gidatzeaz.

Igande goizean Donostiako Maratoia jokatuko da eta, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte, trafiko aldaketak izango dira Donostiako kaleetan eta ezin izango da Gaska kiroldegiaren atarira autoz gerturatu. 14:00etatik aurrera trafikoa normaltasunera itzuliko da.

Elizondo eta Donostiako finalaurrekoetarako sarrera guztiak saldu dira. Mauleko finalaurrekorako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu atarian.