Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Dena prest abenduaren 15eko finalerako

2013/12/04
Bertsolari Txapelketa Nagusiko abenduaren 15eko finalaren gaineko xehetasunak eman dituzte gaur BECen egin duten prentsaurrekoan. Hainbat urtez egin duen lan isilaren esker onez, Joanito Dorronsorok jantziko dio txapela txapeldunari.

Abenduaren 15ean zortzi bertsolarik kantatuko dute finalean 13.500 bertsozaleren aurrean. Goiz eta arratsaldeko saioa izango da. Goizean 11:00etan hasiko da saioa eta arratsaldean 16:00etan.

Zortzi finalistak izan dira gaurko agerraldian Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza,  Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Haiekin batera Bertsozale Elkarteko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak orain arte Bertsolari Txapelketa Nagusiak izan duen harrera nabarmendu du, baita parte-hartzaile guztiek erakusi duten maila aparta ere. "Irailaren 29an Txapelketa abiatu zenetik euskararen lurralde osoan hara eta hona ibili da eta oso pozik gaude eragin duen mugimenduarekin: bertsolariek egindako ahaleginarekin, gai-jartzaileek eta epaileek egindako lanarekin eta bertsozaleek erakutsi duten gogoarekin. 13 saio izan dira, intentsitate handiko Txapelketa izaten ari da eta oso pozik gaude orain artekoarekin".

Jokin Castaños Txapelketa Nagusiko kooordinatzaileak final egunerako inguruko xehetasunak eman ditu. 9etan zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak eta goizeko saioa 11etan hasiko da eta 14etan amaitu. Bazkal ordurako guztiz hustuko da aretoa. Arratsaldeko saioa 16etan hasiko da eta 20ak aldera amaitzea dago aurreikusia.

Final egunean honako lana egin beharko dute bertsolariek:

Goizean

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoa

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Kartzelako lana:

Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Egun horretarako bazkari, autobus eta haurtzaindegi zerbitzuak eskaintzen ditu Bertsozale Elkarteak. Horrez gain, Mintzola Fundazioak antolatu duen Terraza Zientifikoa da aurtengo berrikuntzarik nabarmenena. Horren inguruko xehetasunak hurrengo astean emango dira.

ETBn Hitzetik Hortzerak eta internetez Bertsoa.com-ek eskainiko dute finala oso-osorik zuzenean.

Urtetan egin den lan isil eta etengabekoa eskertu nahian, Joanito Dorronsorok jantziko dio txapela txapeldunari. Bertsogintzan eta bertsolaritzan lan handia egina da Dorronsoro, bereziki doinutegian.