Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bart Amets bat izan nuen

2013/12/18
EHUko Informatika fakultateko lagunak izan genituen, besteak beste, igandeko finalean BECeko terraza zientifikoan: Robotika taldeko Basilio Sierra batetik, eta IXA taldeko Manex Agirrezabal eta Bertol Arrieta bestetik. Azken honek egunaren kronikatxo bat egin du, aurki aterako dituzten estatistika osoagoen aurrerapen gisa.

 

Informatika eta bertsolaritza uztartuta egindako lanengatik, baina batez ere azken bost bertsolari txapelketa nagusien analisi estatistikoa Mintzolan aurkezteagatik gonbidatu gintuzten BECeko terraza zientifikora. Terraza zientifikoa! Tumatxa!, izen ponpoxoagorik, nekez. Eta IXA taldearen izenean joan ginen, bai gustura joan ere. Exhibition Center erraldoiaren atarian genuen hitzordua, handik eta hemendik etorritako kantu inprobisatuaren hainbat ikertzailerekin batera. 90 bat lagun, asko kataluniarrak, eta airean erreferendum usaina. Kartzelakoan tokatu baietz, egin nion apustu nire buruari, eta eskerrak!, etxea galduko nukeen bestela. Etxea galdu, eta txapela irabazi? Baina has gaitezen hasieratik.

 

Aretorako sarbidea Xebastian Lizaso bizargabe batek eman zigun, nondik gentozen galdetuaz. Euskal Herriko Unibertsitatetik, esan genion, déjà vu sentipen arraro eta ezinezko batekin. Egaña imajinatu genuen aulkiak jartzen, gu kasik VIP eran aretora sartzen ari ginen bitartean... Lotsa apur batekin egin genuen geure eserlekuetarako bidea, baina tira, aurrera, aurrera!

 

BECen final batean egon denak badaki zer den zortzi bertsolariak 14.000 pertsona artetik oholtza gaineraino igarotzen ikustea: bizarrak zut, kristalak hausteko moduan. Euren larruan imajinatze hutsak txorkatilak dardarka jartzen dizkizu. Nola egingo zuten beraiek lo, niri gaueko 2ak arte loa galarazi bazidan urduritasunak... Euskaldunontzat ez baita nolanahikoa lau urtean behingo katarsi hau, estasi hau. Izan bagarela antzematen da egun handi honetan, badela herri bat, badela hizkuntza bat, badela amets bat lo ez dagoen herri honentzat. Eta ez digu loa kentzen, baina esna mantentzeko balio digu amets horrek, amets horren eszenaratzeak, den-dena gure esku dagoela irudikatze hutsak. Amets bat izan nuen bart...

 

Baina ez Luther King, ez Mandela, ez Katalunia. “Egoerak beste aldean jarri zaitu”, izan zen goizeko kartzelako gaia. Eta zabalegia iruditu bazitzaigun ere, gai-jartzaileek asmatu zutela esango nuke: bide desberdinak aukeratu zituzten bertsolari guztiek, eta ohi baino arinagoa izan zen kartzelako jarduna hartara. Baina has gaitezen hasieratik...

 

Eseri ginen, bada. Ezkerraldean ezagunak nituen, eskuinaldean AEBtako pope bat, kasko eta guzti jarraitzen zuena inprobisazioa. Gauza batekin konturatu nintzen: edo estatubatuarrek eta euskaldunok oso umore desberdina dugu, edo bertsolariak baino hobeak ziren itzultzaileak. Bromak utzita, tarteka entzun ahal izan nuen gaztelaniazko bertsioa, eta seko harrituta geratu nintzen zeukan zehaztasunarekin! Zorionak, beraz, itzultzaileei ere!

 

Arratsaldean Eric Dicharry izan nuen aldamenean, iparraldeko antropologoa. Bertsolaritza eta umorea aztertu ditu berriki, eta txapelketaren kontura barre gutxitxo ez ote dugun egiten komentatu nion. Han bertan hartu genituen estatistikek baieztatu zuten gure ustea: gaien % 77a dramatikoak izan ziren; % 23a komikoak. Zortziko txikiko eta puntukako 8 gaiez aparte, ia bat ere umorerik ez saio osoan zehar. Eta hara, datu deigarria: final guztiko puntuazio altueneko bertsoak —eta jendearentzat gustukoenetarikoak ere bai, esango nuke— puntukako saioan Mendiluzek botatakoak izan ziren, Olentzero eta aita Noel lodikoteen gaiarekin; umoretsuak, hain zuzen.

 

Hikaren erabilerari buruz ere alerta jarri ninduen lagun euskaldun berri batek, eta ezin aukera pasatzen utzi. Finaleko bertso guztien % 0,01ean soilik erabili zen hikako erregistroa, bi bertsotan zehazki esanda: txapeldunak batean eta txapeldun ordeak beste batean. Baita bikain baliatu ere, Ametsek batez ere, guardia zibilaren larruan jarrita kontakizunaren ildo nagusitik at torturatuei esan izaten ziena gogora ekarri zuenean. Halako baliabide aberatsa izanik, hikaren erabilera guztiz murritzak harrituta gauzka oraindik ere.

 

Txapelketaren arrakasta erabatekoa izan da, itzela! Eta hori ospatu beharra dago gaur. Baina bihartik aurrera, orain arte erakutsitako espiritu kritiko berberarekin jarraitu beharko dute bertsolariek eta antolatzaileek, aldez edo moldez zer hobetua badela erakusten baitute lagin gisa jarritako datu hauek. Eurek badakite: hala eta ez bestela irits daiteke horren gora.

 

Agur hunkigarriekin bukatu zen txapelketa, eta txapeldunari eska dakiokeen modukoa bota zuen Ametsek ere, bertsolaritzaren historiarako geratuko den bukaera horrekin: “aitarena den txapel hau eskaintzen diot amari / haurra nintzela euskaraz erakutsi zidanari”. Kontent zen Eric, iparraldeko laguna: “Xalbadorrek irabazi ez zuen txapela badaramagu azkenean”. Kontra egin nion: Xalbadorrek irabazi, irabazi egin zuela!, txapela eman ez bazioten ere.

 

Irribarretsu joan ginen lanera astelehenean. Biharamuneko ajeak ez dio askorik axola, festa gogoratzeko modukoa bada, eta hala izan zen zinez igandekoa. Watxapa idatzi zidan astelehen gauean bertan lagun graziosoak. Mezuaren aurretik, DVko argazkia; terraza zientifikoan egon ginenotako batzuk ageri ginen, eta argazkiaren azpian, testu hau: Los expertos en oralidad siguen atentos las improvisaciones. Segidan iritsi zen lagunaren mezua: “Experto en oralidad!!! Ez haiz makala, ez horixe!”. Prosako bertsolaria, beste hark esango lukeen moduan. Baina has gaitezen hasieratik...

 

Bertol Arrieta. EHUko informatika irakaslea