Amasa-Vilabonako saioak emango dio hasiera igandean Txapelketa Nagusiari
Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketan kantatuko duten bertsolariak. Aurkezle lanetan Ion Zaldua arituko da.
Amasa-Villabonako seikotetik Fredi Paia algortarrak du esperientziarik handien Txapelketa Nagusian, honakoa bere laugarren parte-hartzea baita. Hiru aldiz hartu dute parte Jon Martinek eta Iker Zubeldiak, bi Nerea Elustondok eta Odei Barrosok eta Alaia Martin oiartzuarrarentzat lehen aldia izango da.
Gainerako kanporaketa guztietan bezala, sei bertsolariok honako lana egin beharko dute:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saiorako sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eu atarian. Halaber, Villabonako Amasa kafetegian ere lehen kanporaketarako sarrerak eros daitezke. 10 euroan da kanpoketetarako sarrera, 7 euroan Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 4 euroan 16 urtetik beherakoentzat. Saio guztietan aforoa mugatua da.
2013ko Txapelketa Nagusia ez da kasualitatez Amasa-Villabonan hasiko. 2008. urtetik bertan du egoitza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, udalak utzitako egoitzan. Villabonako herriak Elkartearekiko erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu nahian Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 Amasa-Villabonan abiatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak.
Amasa-Villabonako kanporaketan irabazten duena zuzenean sailkatuko da azaroaren 11n Gernika-Lumon jokatuko den lehen finalaurrekorako. Gainerakoeek kanporaketa guztien puntuazioen zain egon beharko dute.
Lehen kanporaketaren ostean, Markina-Xemeinen jokatuko da hurrengo saioa, urriaren 5ean. Saioa herrian bertan ospatuko den Euskal Herriko Bertso Eskolen Topaketarekin bat egingo da.