Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

“Inoiz espero izango ez genukeen gauza da Txapelketa Nagusiko saio bat Oionen izatea”

2013/10/21
Oionek hartuko du larunbatean Txapelketa Nagusiko kanporaketetako azken saioa. Txandrio bertso eskola ari da Arabar Errioxako herrian bertsolaritza sustatzeko lanean. Arantxa Sobrino bertso eskolako kidea da eta haren esanetan pixkanaka bertsozaletasuna Oionen ere hedatzen ari da.


Zein da euskararen eta bertsozaletasunaren egoera Oionen?

Euskararen egoera kaskarra bada ere, badoa pixkanaka hobetzen, hala diote behintzat inkestek: euskaldunon ehunekoa igotzen ari da. Bertsozaletasuna ez zen existitzen inguru honetan, pixkanaka sartu-edo egin dugu. Euskaldun kopurua murritza izanik, bertsozaleona ere halaxe da. Bertsolariak jendearengana hurbiltzen dira, eta ez alderantziz; bestela jai genuke.

 

Txandrio izena du bertso eskolak. Nola sortu zen bertso eskola eta zenbat urte daramatzazue martxan?

Txandrio hitza Diccionario de voces alavesas lanean agertzen da, eta inguru honetan maiz erabiltzen da. Esanahia: desordena, nahasmendua, aldrebeskeria, txorakeria. Haurrek egiten dituzten bihurrikeriak.

Bertso eskola 2010eko ekainean sortu zen. Aurretik, negu hartan Arabako Txapelketako kanporaketa bat Oionen egin zen. Bertan, interesa zutenen datuak hartu zituzten, eta horiekin Arabako Bertsozale Elkartetik deitu ziguten eta hiru lagunekin hasi ginen Oionen Arabako Errioxako bertso-eskolan. Gaur egun, 3-5 lagun elkartzen gara astean behin.

 

Gazteak kanpora joaten dira ikastera, Arabako Errioxan aukera gutxi dutelako. Nola bizi duzue hori bertso eskolan?

Gaizki. Gainera, hemen daudenak momentuz ez dira ausartzen bertso-eskolara joaten, gauza zail moduan ikusten dute, aurreiritzi hori dute eta ez dugu animatzerik lortu.

 

Zer-nolako bidelagunak ditu bertso-eskolak Oionen bertsolaritza sustatzeko?

Eskualde honetan euskara bizi dugun guztiok elkarrekin gaude. Izan ere, gure eskualdean bada euskaltzaleon bilgune bat, EUSKARA MAITE DUT. Arabako Errioxako euskaltzaleak eta euskara zerbitzua batzen dituen lantaldea da.

 

Zer saio antolatzen dituzue urtean zehar?

Gutxi gara eta ahal duguna egiten dugu. Orain arte, urtean saio formal pare bat eta dozena erdi bertso-poteo antolatu izan ditugu. Azken hori da arrakastatsuena, bertsolaria publikoarengana hurbiltzen delako. Ekintza horiek eskualdeko herri batean baino gehiagotan egiten ditugu.

 

Zer esan nahi du Txapelketa Nagusiko saio bat Oionen izateak?

Guretzat ohore handia da eta maila ematea espero dugu. Inoiz espero izango ez genukeen gauza bat da.

Txandrio bertso eskolako kideak.