1986-2013 arteko Bertsolari Txapelketa Nagusien analisi estatistikoa
Iazko irailean, Txapelketa Nagusia hastearekin batera, artikulu bat argitaratu genuen Elhuyar aldizkarian (ikus http://aldizkaria.elhuyar.org/gai-librean/bota-bertsoa-eta-guk-aztertuko-dugu/), 1986 eta 2009 artean egindako Bertsolari Txapelketa Nagusien azterketa estatistikoaren berri ematen zuena. Bertsoaren zenbait ezaugarriren txapelketaz txapelketako bilakaera erakusten genuen; besteak beste, errima ohikoenak, kartzelako ariketan aukeratutako neurriak eta euskara batuaren erabileraren zenbatekoa.
Orain, 2013ko txapelketako datuak eskuetan ditugula, konparaketak eguneratzera gatoz, azken txapelketak aurrekoen joera berresten edo ezeztatzen duen ikusteko.
Bi ataletan banatu dugu idatzi hau. Batetik, 2013ko txapelketa nagusiko finaleko zenbait datu erakutsiko ditugu, labur-labur; bestetik, 1986tik gaurdaino egindako txapelketa guztien konparaketa eguneratuko dugu azken txapelketako datuekin.
1) 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko zenbait datu
Txapelketaren ondoren entzun eta irakurri diren hainbat iritzitan, gai umoretsu edo komikoen urritasuna nabarmendu da. Guk finaleko gaiak banan-banan aztertu, eta proportzioa kalkulatu dugu; esanguratsuak dira estatistikak: finalean jarritako gaien % 77a izan zen dramatikoa; % 23a soilik komikoa (zortziko txikian eta puntukako ariketan kantatutakoak, nagusiki). Onarturik ere gai batzuk berez ez direla ez komikoak ez dramatikoak, alegia bertsolariaren erabakiak egiten duela gaia dramatiko ala komiko, zalantzazko kasuak oso gutxi zirela esan beharra dago, eta halakoetan bertsolariaren erabakia hartu genuen aintzat. Esaterako, har liteke ikuspuntu komiko batetik kartzelako ariketan jarritako “Egoerak beste aldean jarri zaitu” gaia, baina zortzi bertsolariek seriotik jo bazuten, zerbaitengatik izango da. Iruditzen zaigu gaiaren komikotasuna esplizitua ez bada, nekez hartuko duela bertsolariak umoretik jotzeko erabakia, adibide honekin argi ikusten den moduan.
Finalari dagokionez, aztertu genuen beste kontu bat hikako erregistroaren erabilera izan zen. Egun osoan zehar bota ziren bertso guztietatik, bitan soilik erabili zen (% 0,01): Arzallusek guardia zibilaren larruan, eta Lujanbiok bere buruari kontuak eskatzeko, “Itzultzeko garaia da” gaiari jarritako bigarrenean. Jarraian ikusiko dugu zer bilakaera izan duen kontu honek azken zortzi txapelketetan.
2) Bertsolari Txapelketa Nagusien konparaketa (1986-2013)
Txapelketa Nagusien konparaketari dagokionez, bost ezaugarri aztertu ditugu: hikako erregistroaren erabilera bera, errima usuenak, kartzelako ariketan aukeratutako neurriak eta euskara batuaren eta erdarakaden erabilera.
Azken finalean hikako erregistroa oso gutxi baliatu zela ikusi dugu lehenago, baina hauaspaldiko joera dela berretsi ahal izan dugu, 1986tik gaurdainoko txapelketen datuak prozesatu ondoren: bertsoen % 10aren inguruan erabili izan da hikako erregistroa, gehienera jota. Jarraian
dugun irudiak erakusten du, hala eta guztiz, azken urteotan behera egin duela joera honek: hikako jarduna bertsoen % 10ean erabiltzetik 80. hamarkadan, % 5 inguruan erabiltzera pasatu dira 90. hamarkadatik aurrera.
1. irudia: Hikako erregistroaren erabileraren bilakaera
Errimei dagokienez, “ena”, “era” eta “ira” izan dira ohikoenak azken txapelketan, eta ez da beraz aldaketa nabarmenik antzematen aurreko txapelketekin erkatuta (ikus 2. irudia). Deigarria da 2013an gehien baliatu diren sei errimak 2009an usuen erabili ziren berak izatea (nahiz eta ordena desberdinean izan). “era” errimaren kasua ere azpimarratzekoa da: azken zortzi txapelketetan errima erabiliena edo bigarren erabiliena izan baita.
2. irudia. Txapelketa bakoitzean gehien erabilitako errimak. Oharra: eBDGRa errimak eba/eda/ega/era hartzen ditu barnean, bodegero legearen arabera ontzat jotakoak; horren arabera, "arreba", "hobe da", "ernega" eta "tankera" hitzek, adibidez, errimatu egiten dute. Berdintsu gertatzen da ePTKa, eNMa eta antzeko errimekin.
Bestalde, azken txapelketan gehien entzun ditugun bost oinak hauek izan dira, ordena honetan: “dira”, “dago”, “gehiago”, “eta” eta “begira”.
Neurrien aukeraketaren joera baieztatu besterik ez du egin aurtengo txapelketak: kartzelako ariketan zortziko handian ez da jadanik kantatzen, eta hamarreko handia ere desagertzear da (ikus 3. irudia). Neurri luze edota berezietarako joera gailendu da nabarmen.
3. irudia: Kartzelako ariketan bertsolariek aukeratutako neurriak (zortziko handia, urdinez; hamarreko handia, laranjaz; neurri luze edo bereziak, horiz).
Azkenik, erabiltzen den euskara aztertu dugu. IXA taldearen analizatzaile automatikoak ezagutzen dituen hitzen proportzioak azken urteetan gorantz egin duela nabarmendu genuen aurreko artikuluan; azken txapelketako datuek berretsi egin digute joera hori (ikus 4. irudia). Datuok euskara batuaren erabilera geroz eta handiagoa dela ondorioztatzera garamatzate.
4. irudia: IXA taldeko analizatzaile automatikoak ezagutzen dituen hitzen proportzioa
Dena dela, azterketa xeheagoa eskatzen zuen kontu honek. Izan ere, hainbat arrazoi egon daitezke IXA taldearen analizatzaile automatikoak hitzak ez ezagutzeko. Lau taldetan multzokatu genituen: ahozko hizkuntza idatzizko bihurtzerakoan egindako transkripzio-akatsak (esate baterako, “aszko” idaztea, “asko” jarri ordez), IXAren datu-basean gorde gabe dauden izen bereziak (adibidez, “Marilyn”), erdarakadak (esaterako, “enpalagoso”) eta euskarazkoak izanagatik batuan ez daudenak (“hankakin”, kasu).
Interesgarria iruditu zitzaigun azken bi multzoen joerak aztertzea, eta horretarako txapelketa bakoitzeko 50 hitz ezezagun (analizatzaileak ezagutu gabeak) aukeratu genituen zoriz, eta multzo bakoitzari zegozkionak zenbat ziren kontatu. Hala, txapelketa bakoitzean egin ziren erdarakaden eta euskaraz izanagatik euskara batuan ez dauden hitzen portzentajearen estimazio bat erdietsi genuen (kontuan hartu behar da hitza izan dela gure aztergaia; hau da, “aurpegia eduki” gisako erdarakadak ez ditu ezezaguntzat jotzen gure analizatzaileak, eta ontzat hartu dira ezinbestean; erdarakaden kopurua, beraz, erakutsiko duguna baino handiagoa dela pentsatzea zentzuzkoa da).
5. irudian ikus daiteke euskaraz egon arren euskara batuan ez dauden hitzen proportzioa, eta 6. irudian, berriz, erdarakadena. Txapelketaz txapelketa, handitu egin da batuan jarduteko joera, 5. irudiaren arabera: 1986. urteko txapelketan, euskarazko hitzen % 14a zen euskara batuan ez zegoena, baina pixkanaka beherantz egin du joera honek, azken txapelketan % 6a soilik izatera iristeraino.
5. irudia: Euskara batuan ez dauden euskarazko hitzen proportzioa
6. irudia: Erdarakaden proportzioa
Erdarakadei dagokienez, berriz, azken txapelketetako goranzko joera hautsi da 2013. urteko txapelketan. Bestalde, 2009ko erdarakaden proportzioa 1997koa baino 4 aldiz handiagoa izateak adierazgarria dirudien arren, zenbakiei begiratuz gero, erdarakaden proportzioa % 1,5aren azpitik ibili dela beti ikus daiteke, eta alde hau, hortaz, ez dela hain esanguratsua.
Azterketa hauek guztiak egiteko 1986-2013 urte arteko Txapelketa Nagusietako bertsoaldien transkripzioak baliatu ditugu, Xenpelar Dokumentazio Zentroak eskura jarritakoak. Eginkizun honetan luze eta zabal jardun badira ere, ez dituzte bertsoaldi guztiak transkribatu, horien aukeraketa bat -lagin bat- baizik. Neurri estatistiko zuzen-zuzenak kalkulatzeko bertso guztiak beharko genituzke; estimazio egokiak egiteko, aldiz, zoriz -baina tentuz- egindako hautaketa bat litzateke ezinbesteko. Hala eta guztiz, erakutsi ditugun datuek joera batzuen nondik norakoak ikusteko balio dutelakoan gaude, eta, batez ere, etorkizunean egin daitezkeenen erakusgarri direla uste dugu. Horretarako, bistan da, beharrezkoa izango da bertsoak egoki jasotzen jarraitzea.
Manex Agirrezabal Zabaleta. EHUko IXA taldeko ikertzailea
Bertol Arrieta Kortajarena. EHUko IXA taldeko ikertzailea
Aitzol Astigarraga Pagoaga. EHUko RSAIT taldeko ikertzailea
Mans Hulden. EHUko IXA taldeko ikertzailea