2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa aurkeztu da
Udazkenean Arabako txapelketako lau kanporaketa saio egin ondoren, egoeraren ziurgabetasunak bultzatuta eta banakako txapelketak izan zitzakeen oztopoen aurrean txapelketari forma aldatzea erabaki zen. Bertsolariek lasai kantatu ahal izateko baldintza egokiak bermatzen ez zirenez eta egoeraren aldakortasunak berak sortu zitzakeen gorabeherak izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak.
Txapelketak bertso komunitatean duen garrantzia kontutan harturik, bertso plaza eta kultura sustatzen jarraitu nahi izan da. Aurtengoan ordea bide berri bati heldu eta Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa izango da, bertsolariak binaka arituko dira.
Arabako Bertsozale Elkarteko sustapeneko arduradun Egoitz Iradier eta Uxue Diaz de Ceriok hartu dute hitza.
Txapelketako lehenengo final laurdena apirilaren 17an jokatuko da, Izarran. Eta maiatzaren 22an bukatuko da, Legutioko kirolgunean. Hiru final laurden, 2 finalerdi eta finala: Izarra, Araia, Oion, Amurrio, Gasteiz eta Legutio.
Txapelketak egitura hau izango du: 18 bertsolarik osatutako 9 bikote final laurdenetan, 6 bikote finalerditan eta 3 bertsolari bikote finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Final laurden eta finalerdiak aretoetan jokatuko dira eta finala Legutiko kiroldegian.
Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren jarraipena era ezberdinetan egin daiteke: Arabako Bertsozale Elkartearen web gunean www.bertsozale.eus/araba/binakako-txapelketa, bertsolaritza kanala www.bertsoa.eus , sare sozialetan...