Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa
Larunbatean aurkeztu zen Meztun Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa, taldekako egitasmoa. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, aurten zazpigarren edizioa izango delarik.
2018 eta 2020ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko.
Taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan eta bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.
Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).
Idatzizko modalitatea ere antolatu da, 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek.
Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile ariko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.
Urtarrilaren 27tik martxoaren 25era
Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta, urtarrilaren 27tik martxoaren 25era bitarte luzatuko da aurtengo edizioa.
Kanporaketak (12 saio)
Urtarrilak 27: hiru saio: Gasteiz (bi saio) eta Oion
Urtarrilak 29: Laudio
Otsailak 3: Gasteiz
Otsailak 4: Aramaio eta Agurain
Otsailak 5: Narbaiza
Otsaila 10: Aramaio (bi saio)
Otsailak 11: Murgia eta Corres
Finalaurrekoak (3 saio)
Otsailak 26, igandea, 1.finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten
Martxoak 4, larunbata, 2.finalaurrekoa: Bastidako Kultur Etxean
Martxoak 12, igandea, 3.finalaurrekoa: Murgia, Zuiako udaletxean
Finala
Martxoak 25, larunbata, Laudio