Igandean izango da "Katuko muinoak" eta "Txandrio" taldeen arteko hirugarren finalerdia Murgian
Katuko muinoak (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar Errioxa) taldeak izango dira lehiatuko direnak domeka honetan, Murgian Zuiako udaletxeko aretoan. Mokadutxo bat eskainiko da 18:00etan eta 18:30ean hasiko da saioa.
Katuko muinoak taldeko kideak Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Xabier Antia eta Ekaitz Samaniego. Txandrio taldekoak berriz, Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta, Beñat Otamendi, Peio Artetxe, Eñaut Insausti eta Unai Bengoetxea.
Gai jartzaile lanetan Lierni Altuna ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Oier Iñurrieta (Katuko muinoak), Mikel Fernandez de Arroiabe (Txandrio) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Aitor Jimenez.
Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:
-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.
Urtarrilaren 27an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 12 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez 12 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurreko hauetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatu zen, bigarrena Bastidako Kultur Etxean eta azkena, martxoaren 12an Murgiako udaletxean.
Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Laudiko BHI-ko kiroldegian, martxoaren 25ean, abestuko dutenak.