Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bigarren faseko Kuadrillarteko finalerdiak erabakita geratu dira

2023/02/13
Lehen faseko azken lau saiok joaktu dira asteburuan eta erabaki geratu da hurrengo fasea. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Izena pentsau bida (Aramaio), Bertxilika (Gasteiz), Beeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar Errioxa).

Bat-bateko hamabi saio jokatu dira Kuadrillartekoaren 1.fasean. 12 talde parte hartzailetik 6 sailkatu dira finalaurrekoetara: liga bakoitzeko irabazleak, eta bi talde sailkapenaren arabera, hauexek:

-Izena pentsau bida (Aramaio), A ligako irabazlea
-Bertxilika (Gasteiz), B ligako irabazlea
-Beeeeertsolariak (Lautada), D ligako irabazlea
-Katuko muinoak (Gasteiz), E ligako irabazlea
-Errexala (Gasteiz), 1.a sailkapenaren arabera
-Txandrio (Arabar Errioxa), 2.a sailkapenaren arabera

Hiru finalaurrekoak horrela osatu dira:

-Otsailak 26, igandea, Aguraingo Zabalarten
Izena pentsau bida (Aramaio) vs Bertxilika (Gasteiz)

-Martxoak 4, larunbata, Bastidako Kultur Etxean
Beeeeertsolariak (Lautada) vs Errexala (Gasteiz)

-Martxoak 12, igandea, Murgiako udaletxean
Katuko muinoak (Gasteiz) vs Txandrio (Arabar Errioxa)

Hona hemen saio bakoitzeko kronika:

 

Aramaioko Ibarrako periferiak eta Arabar Errioxako Txandrio / Aramaioko Tratamendurik gabeak eta Airaldeko Altubepekoak

DOBLETEA ARAMAION, ETA ARAMAIORENTZAT EZER.

Sukaldea atsaldeko zazpiretatik mobilizatuta Aramaioko Zabolako elkartean, bertso eskolakoak barazkiak mozten eta txef ofiziala berandu iristen (berak esango du ez zela berandu iritsi, bere iloba beste pentsaera batekoa da). Gai jartzaileak a juego jantzita, entsaiatu izan balute bezala, baina ez. Aitor eta Martin mikrofonoak entxufatzen, jakingo balute bezala, baina ez. Dena hastear zegoen. 

Lehenengo saioa polit joan zen, azkar, Txandrio vs. Ibarrako Periferiak. Etxekoek Txandrioko taldekide bati eskaini zioten agurraren hasiera, arabarra ez zenari, hain zuzen. Ugartek bere kitarra jakinduria atera zuen, baina erritmoa jarrai zezanaren eskean kristo guztia galdu ginen bertan. Eskerrak Igoa jaunak dena moztu eta orden pixka bat jarri zuen taldean. Etxekoen artean izar distiratsuenak gazteenak, Ane eta Iraide, kontuz beraiekin.

Txandriokoek txapelketa honetan asko entzuten ari den kantu batekin egin zuten beraien agurra, Shakirari royaltiak eman nahian edo. Baina errioxatik basea prest ekarri zuten efektu eta guzti, horrela hasi daiteke saio bat! Arabar Errioxara joan zen garaipena lehenengo saio honetan, eta gaua, ardoa bezala, hobetzen joan zen.   

Afaria ederra, ez daukagu zertan sartu detaileetan baina barazkipureadeshidratatutakoetaberrrizhidratatutakoonddoetakinoarekinetapikatosteekin eta aldezaurretikmarinatutakooilaskoalimoiarekin oso onak zeuden, galdetu bestela errepikatu zuten guztiei. Hori bai, beharbada ez duguna komentatuko da afarian zehar (eta aurretik, eta ostean) Arabako txapeldunaren ingurura gerturatu ziren zerbeza eta ardo botila guztiak, 

Afal ostean hasi zen bigarren saioa Altubepekoak vs. Tratamendurik Gabeak. Aramaiokoek klasikoetara jo zuten Numayei abestiarekin eta Altubepekoek berriz kitarra atera zuten. Aipamen berezi bat Altubepekoentzat, bi bertsolari bakarrik iritsi zirelako Aramaiora eta nahiko plurienpleatuta ibili zirelako, Abarrategi gazteena ere batu zitzaien ganbararako eta kopletarako, Aramaion eskuzabalak garelako eta gure bertsolariak alokairuan jartzen ditugulako behar dutenentzat. Hain eskuzabalak izan ere, Altubepekoek eraman zutela saioko garaipena. 

Ah, gogoratzen lehen aipatutako fenomeno geologikoa? Bada, nola Peru Abarrategiren inguruan zentro grabitatorio bat ezarri zen eta ardo eta zerbeza guztiak hor inguruan amaitzen zutela? Ba beno, esan dezagun fenomenoaren ondorioek nahiko galaktiko utzi zutela, bertso saioan zehar. Baina bestela, saioa ondo joan zen, gai jartzaileak bakarrik hiru aldiz eskatu behar izan zion Peruri isiltzeko eta bere taldekideek lan txukuna egin zuten. Zer da ba koadrilartekoa lagunen artean bertsotan ezin bada egin? 

Amaitzeko, eskakizun txikitxo bat aterako dut plazara, ze Aramaiotik Oionera tartea dago beharbada, baina Amurriotik Aramaiorarte ere joan delako euskara. Azken finean koadrilarteko honetan denak berdintsuak gara, beraz poto guztiak doazela pikutara, guztiok gara errimen seme eta alaba, beraz merezi duen moduan zaindu dezagun Araba.

Gorbeialdeko Gorbeialdea eta Gasteizko Bertxilika:

Neguko eguerdiak hotzak izaten dira Murgian, Gorbeiaren magalean. Hiruzpalau gasteiztarrek
asteburuko bisita egin eta ogia erosi eta, bestela, hotzak besterik ez ditu betetzen herriko
kaleak. Gaur, ordea, uste gabeko jende multzoa bilduta dago Gaztetxe parean. Atearen
bestaldean, kalabaza purea eta txahal-masaila dituzte zain. Gorbeialdeko ez gazteen taldeak
gaztetxera sartzera gonbidatu ditu bertaratuak eta, nola ez, Gasteizko Bertxilika taldea. Euren
inpuntualtasunean puntual, bertso-bazkaria ia ordu bietan hasi da. 

Tripa beteta eta kafea eskuan ekin diote bertso-saioari. Gorbeialdeko taldeak harritu gaitu
marrazki bizidunen inguruko agurrarekin: “patrulla canina”, doraemon, pipi galtzaluze, heidiren
aitona… Bertxilikaren erantzuna argia izan da: Gorbeialdeko taldea zaharra da, eta zalantzan
jarri dute hori abantaila denik. Gorputza ere berotu dute haien dantza pausuez, Serapioren
bertsoek argi utzi baitziguten bere garaian giharrak berotu behar direla, baina taldeak
gogorarazi digu ahotsa berotzea interesgarriagoa izan daitekeela bertsotarako.

Agurren ostean, Olatzen gaiekin horniturik, zortziko nagusiarekin hasi dira Eukene eta Manu.
Gorbeialdean eraiki nahi omen den parke eoliko baten harira, posizio kontrajarrietatik aritu dira
sakonki. Zortziko txikirako Maddik eta Unaik aburgesatutako bi lagun iraultzaile ohiren arteko
solasaldia izan dute gaitzat, umore finez heldu diotelarik.

Lau oinekin Aitor eta Samu aritu dira, eta bukaera emanda, aldiz, Hegoi eta Aitor. Hirurek bete
dituzte ederki kontrako taldeak emandako bertso zatiak. Puntu erantzunetan ere Aroak eta
Serapiok iraganari eta etorkizunari erreferentzia eginez osatu dituzte bertsoak, Armentiako
harrobia goraipatuz.

Saioarekin jarraitzeko, Gorbeialdeko bertsolariak kartz... ganbarara bidali dituzte, eta
Bertxilikako Hegoi, Aroa eta Samuk mozorroen bidez heldu diote inauterien inguruko gaiari
puntukako ariketan. Luzeegia egin zaigun itxaronaldiaren ostean agertu dira berriz oholtzan
Rikardo, Serapio eta Unai. Azkenik, trikitilari eta pandero-joleaz lagundurik eta egundasanti
doinuan aritu dira koplatan, Serapio, Rikardo eta Manu alde batetik, eta Maddi, Eukene eta
Aroa bestetik. Bi taldeek eutsi diote elkarri umoretik, elkarri erreferentzia eginez eta saioan
zehar gertatutakoak gogoratuz.

Saioa amaitzeko Txomin, Patxi eta Mikel epaileek epaitu beharrekoa epaitu eta epaia oholtzara
ekarri digute. Epaia “pa allá” joan da, Bertxilikako talde gonbidatuari garaipena eta hurrengo
faserako txartela emanez. Saio eder honekin eman diogu amaiera egunari eta Kuadrillartekoko
fase honi, joan dena entzun izanaz pozik eta etorriko dena entzuteko gogoz.

Mendialdeko Bertsolarriak eta Gasteizko Errexala

Goizeko 10ak. Eguna Korresen hasten da bazkaria prestatzeko neskamearekin. Kafeak, infusioak eta energia hartzeko Txaskok egindako tortillak alde batetik bestera barran dantzan.Goizean zehar, bertsolari gisa definitutako talde autoktonotik falta ziren kideak herrira poliki poliki gerturatzen dira. Ordu batean, Erraxala lehiakideen aurpegiak agertzen dira Izkiko bihotzetik. Giro ona airean, egun hotza eta eguzkitsua artista bertsozaleen ahotsak hartzeko. Tabernako sukaldean lapiko eta gailu ezberdinez sortutako soinu banda. Kalean, taldeen nerbioak ikusten dira, irribarre zabal batez mozorrotuta. Trago batzuen ondoren, bazkaltzera igotzen dira taberna gainean geratzen den gaztetxera. Mahaiak prest egon badaude. Oraingoan  Talde indigenako emakumeen ahotsak dira bazkalorduari harrera egiten dietena; talde bereko gizonei ipurdia altxatzeko eskatzen dietenak. Gaixoak. Gizonek ipurdia mugitzen dute. Sukaldari trebe batek eta bere laguntzaile fidelak egindako menua bikain bat ateratzen du, gizontxo batek adierazten dituen gatz kontuaz aparte. Halere, berdin jaten du. Berandu iritsi da talde bisitarien bertsokide bat bazkaltzera, baina arin egin du bat bertan  zegoen giroarekin. Postrea dastatzeko garaia helduta... Ummm...errezeta berri eta ezezagun honek dakarren sentsazioak ahosabaian deskargatzen  dira...Honekin batera bere hain ezaguna den Patxarana behin hartuta... iritsi da egiaren ordua. Taldeak tabernara jaisten dira txapelketarako.  Trajez jantzitako bi emakume agertzen dira, takoi bukaezin eta ezpel mototsen artean,ligako saioaren nondik norakoen aurkezle. Lehenengo protagonista presoen taldea da, Zaballatik Korresera bidalitako bertsoekin giroa pixkat gehiago berotuz. Jarraian, talde bakoitzeko maisua beraien tropetara hurbiltzen da. Behin aurkezpenak eginda, oilasko gisatuak zuen saltsaz baliatzen dira Errexala taldekoak  Heidi, Pedro, Clara, Rotenmeyer andereñoa eta aitona, ardia eta guzti, agurrean dantzan jarri dituztenean. Bertsolarriak aldiz, poligonero estiloko jakaz baliatzen dira agurra rap doinuetan eskaintzeko. Txaloak oro har. Heidi eta Chill mafia abestien artean lehen bertso talka entzuten da. Ez dago su-etenik bi lehiakide taldeen artean. Liskarra nabarmena da, publikoaren barreek berretsi egiten dute. Gai jartzaileak ahal dutena egiten dute, usaintzen den lehiari grazia pixka bat emateko. Soinu-teknikariak mikrofono gehiago eskaintzen dizkigu.  Udaberriarekin amaitzen diren maitasunak, eolikoei aurre egiten dieten auzotarrak, inguruko nekazariek eta abeltzainek aurrera eramandako matxinada eta bahiketak eta Korresen okupazioaren lehengo batzarra tartean,  ekitaldia igarotzen doa, parte-hartzaileen erritmoari nekez jarraitzen saiatzen diren bi gitarrek alaituta. Epaileek keinuak egiten dizkiete gai jartzaileei. Hainbeste takoneo eta ezpel topeka artean. Momentuz arriskua egon arren ez du inork minik hartzen. Ganbara ariketa dator, gai jartzaileek kartxelakoa deitzen diote, erakundeko epaileak kartxela hitza zuzendu arren, ganabara erabiltzen dela defendatuz, aurkezlari-gaijartzaileek bereari jarraitzen diote, ez dakigu zergatik izango ote den. Herriko hiru atso sexualitate tailer autogestionatu batean parte hartzen izan da bertsolari taldeendako azkenengo eszenatokia. Bertan eta bertsotan, fusta, pikardias, karta jolas erotiko eta zilizio bat esku artean izanda jolasean ibili dira. Bai samurra, abeslari gazteen tramankuluekiko ezezagutza. Bete betean jolasean ibili eta azkar batean lehia puntu zenbaketaren unean amaitzen da.  Bi  tealdeek bat eginez, agurra kantatzen dute.  Merezitako irabazlea nor den jakiteko ordua da. Epaileak taldearen izena eman die aurkezleei. Hauek paperak galtzen dituzte. Inork ez daki talde irabazlearen izena. Harridura, kezka aurpegiak ikusleen artean eta...azkenik aurkitzen dute epaileen mahiaren bueltan. Talde irabazlea... Erexala da. Txaloak, txistuak eta algarak... guztion aurpegietan irrifarra. Eta noski etzetz...  hemen ez da ipuina amaitzen. Bi gitarrek jotzen jarraitzen dute, denak abesten hasten dira eta, Txasko-tabernan, mendialdean, jaiak bere bideari jarraitzen dio. Mendialdeak ez du huts egiten. Hurrengora arte.