Urtarrilak 24, Aramaio
Aramaioko Konde basoko iluek eta Izenbakuek
Bertso egunaren osteko nekeak gorputzetik askatuta, eta aurreko larunbatak herrian sortutako giroari tiraka, hogeita hamar lagun inguru bildu ziren Aramaioko Marixeka elkartean, afalosteko saioari adi. Konde basoko iluek taldeak irabazi zuen derbi aramaioarra, saioan Izenbakuek taldearekin aritu ostean.
Konde basoko iluek taldeak etxean hartu zituen Izenbakuek taldekoak. Arratsaldean hurbildu ziren elkartera, eta taldekideen artean prestatu zuten afaria. Afalosteko saioa hasteko, Aramaioko bertso-eskolako gazteek kuadrilari buruzko bertso-sorta eskaini zieten entzuleei: “Aitortzarena ideia txarra / izango zen beharbada,/ zeren ez dugu asko luzatu/ gure eskerren ilara… / Nahiz sarri izan gerrak, / kuadrillari eskerrak / egin dugu maiz algara…/ Gure alde txar ta alde onak/ baina asko maite gara”.
Etxeko taldetik, Xabi Igoa, Aitor Ugarte, Martin Abarrategi eta Paula Amilburu bertsolariak aritu ziren kantuan, eta gaiak jartzen, Lierni Altuna. Izenbakuek taldetik, berriz, Peru Abarrategi, Manex Agirre eta Danel Herrartek egin zuten bertsotan. Saio arina osatu zuten zazpi bertsolariek, tarteka Amaia Arregi eta Irati Lasaga trikiti doinuek lagunduta.
Hauek dira Aramaioko Bertso eskolako gaztetxoen taldeak kantatutako bertso idatziak:
Biztanle gutxi ditun herrian
Sortu ginenez mundura
Kuadrilla ere osatu gendun
Ahal genuen modura
Ta ordutik batera
Egin dugu aurrera
Ta omen gaude gustura
Baina egia aitortzeko be
Iada ordua heldu da
Berez gu beti gaude gustura
Ta kuadrillan lagun gara
Baina bakarrk pasa dut goiza
Arratsaldea ta gaba
Eskolara heltzean
Beti bide ertzean
Eta patioan traba
Kuadrillari zerbait eskertzeko
Kuadrilla izan behar da
Askotan esan didate niri
Lar berba egiten dotela
Urpean sartzea be litzake
Horren ahalegin ergela
Maiz haserretzen dira
Benga isildu tira
Baina ezinezko dela
Kuadrillari eskertu nahi diot
Ni jasatea honela.
Ambiente ona nork jartzen duen
Ni horretan nauzu maisu
Ta horrelako laguna beti
Guztientzako da luxu
Ezin ezer eskertu
Behar didazu ulertu
Oraindik zorretan nauzu
Nire laguna izatea zuk
eskertu beharko duzu
erabakiak gure kuadrillan
ditu liderraren juntak
baina amargatu erreakzioak
ez dira beti arruntak
a zelako tristura
ni ez nago gustura
ta beti haienak kulpak
kuadrillari eskertzeko daukat
izan ditugun burrukak
aitortzarena ideia txarra
izango zen behar bada
zeren ez dugu asko luzatu
gure eskerren ilara
Nahiz sarri izan gerrak
Kuadrillari eskerrak
Egin dugu maiz algara
gure alde txar ta alde onak
baina asko maite gara
Albisteak
Umorea eta giro ona gailendu dira Kuadrillarteko lehen asteburuan
Aurrekoan ostiralean hasi zen 2020ko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehen faseko 3 saio jokatu ziren Laudio, Korres eta Aramaion. Giro ederrean eta umorea protagonista izan zen saioetan, Errexala (Gasteiz), Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) eta Konde basoko iluek (Aramaio) taldeak izan dira garaile saioetan.
Kuadrillartekoa Aramaio, Laudio eta Korresen hasiko da
Aramaio, Laudio eta Korresen jokatuko dira Kuadrillarteko hasierako faseko lehen hiru saioak.
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago
Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.
Fitxa
- Eguna
- 2020/01/24
- Ordua
- 20:30
- Mota
- Sailkapena
- Herria
- Aramaio
- Tokia
- Marixeka Elkartea