Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 8, Mendiola

Sumendiola Bete Poto eta Altubepekoak

Sumendiola bete poto, Mendiolatik Agurainera!

Asteburu honetan jokatu da Arabako bertso-kuadrillartekoaren A ligako azken saioa, ilargi betearen magia lagun. Hiriburuko Sumendiola bete poto-ko kideak Aiaraldeako Altubepekoak-ekin batera aritu ziren bertso-bazkarian. Judimendi auzoko SUmendi espazioko lagunen bertso-sorta idatziarekin abiatu zen saioa. Sumendiola bete potok irabazi zuen giro epel eta bikaineko saioa. Otsailaren 29an erronka berria dute zain, Agurainen.

Sumendiola bete poto taldearen etxeak - Mendiolako batzar-etxea (etxe zaharra) - hartu zuen bertso-bazkaria, larunbatean. Sumendiolakoek mimoz prestatutako babarrun jana dastatzeko aukera izan zuten 40 lagunei hamar bat gehiago batu zitzaizkien kafe orduan, bertso-saioaz gozatzeko.

Gai-jartzaile lanetan aritutako lagunen artean, Ekain De Olanok hartu zuen hitza lehenbizi SUmendikoen bertso-sorta idatzia aurkezteko. Igor, Jon, Alazne, Maialen, Karla, Heiko, Andrea, Josu, Miren, Martin eta Maialenek mezu argia bota zuten: “Guztiok beharrezkoak gara SUmendi defendatzeko, guztiok beharrezkoak gara auzoa eraikitzeko… gure kuadrillan lekua dago eta zenbat eta gehio, hobeto”. 

Fernando Sopelana, Rober Trujillano eta Manex Garaio epaileen belarri zorrotzapean abiatu zen bertso-saioa. Sumendiola bete poto-tik Beñat Garaio, Gerezti Unanue, Julen Martiartu eta Maddi Juaristi aritu ziren bertsotan. Hasierako agurrean Jon Bastida eta Ane Pedruzo bertso-eskola kideak batu zitzaizkien. Doraemonen atearen bitartez mundu desberdinetara bidaiatzeko aukera eskaini zieten bertaratutakoei, baita irribarre politak sorrarazi ere Iñaki Cabeza, Unai Mendibil eta Izar Mendiguren bertsolariak aritu ziren Altubepekoak taldean. Gasteiztarrek hasieratik agertu zuten irabazteko anbizioa “…kantatzen dugu irabazteko, bide batez ondo pasatzeko…”. Aiaraldeakoek ordea, irabazteko asmorik ez zutela aitortu zuten hasierako agurrean.

Oscarrek eta Julenek ekin zioten bat-bateko ariketei, Olarizuko gurutzearen auzia gai zutela. Beñatek eta Izarrek kulero bibradoreak izan zituzten solasgai ondoren, zortziko txikian. Maddik eta Unaik errimak lagun eta etsai izan zituzten; batez ere Mendibilek, oin bihurri samarrak egokitu zitzaizkion eta: “…errimak ikusita, nik arranopola!”. Halere, kikildu ez eta eskenatokiari eutsi zion, bukaera emanda zortziko nagusian aritzeko Gereztirekin batera.

Ekainekin batera Ainhoa Aizpuruak, Haizea Garciak eta Garazi De Olanok gidatuta, kartzela lanera heldu ziren bertsolariak. Brexita eta Euskal Herriko egoera batez ere umoretik aztertu zuten, trikornioa, panderoa eta “Brexit” pankarta eskuan zutela.

Soinu-lanetan aritutako Aitor Huergoren gitarrak lagunduta, koplaka borobildu zuten saioa; Agate deuna bezperan amalurra iratzartzeko kantatzera ateratako nekazariak ziren batzuk; inauterietan kalera mozorratuta ateratako bakarrak besteak.

Umorea, giro ona, bazkari goxoa eta bazkaloste samurra, errepikatzeko modukoa!

Hau da Sumendiko kideek prestatutako bertso sorta:

 

Benito Guinea kalean da

SUmendiko espazioa

hiru urteko bizia dauka
borrokarako txokoa.
Judimenditarren gune askea
bizirik dago auzoa,
amets eta ideien gotorleku
ekintzarako hauspoa.
Judimenditarren gune askea
bizirik dago auzoa,
amets eta ideien gotorleku
ekintzarako hauspoa.


Gaurko egunean batu gara
talde konprometitua,
nahiz eta bertsotan ez aritu
saiatzen lehenak gara.
Guk ez dakigu “rimatzen” baina
hori ez da arazoa,
borrokak bertsotan kantatzea
hori da guk nahi duguna.
Guk ez dakigu “rimatzen” baina
hori ez da arazoa,
borrokak bertsotan kantatzea
hori da guk nahi duguna.

 

Eskerrik asko zuri laguna
egiten duzunagatik,
baina gaur beste batzuei eskerrak
eman nahi dizkiegu hemendik.
Lagun askoren lanari esker
SUmendi dago bizirik,
eskerrik asko gure ametsak
posible egiteagatik.
Lagun askoren lanari esker
SUmendi dago bizirik,
eskerrik asko gure ametsak
posible egiteagatik.

 

Guztiok beharrezkoak gara
SUmendi defendatzeko,
guztiok beharrezkoak gara
auzoa eraikitzeko.
Etorri zaitez gurekin eta
pasako duzu ederto,
gure kuadrilan lekua dago
zenbat eta gehio hobeto.
Etorri zaitez gurekin eta
pasako duzu ederto,
gure kuadrilan lekua dago
zenbat eta gehio hobeto.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Kuadrillartekoaren hirugarren asteburuak bazterrak berotu ditu

Kuadrillartekoaren hirugarren asteburuak bazterrak berotu ditu

2020/02/10

Kuadrillarteko 3. asteburuko 4 saioak burutu ostean, azken eta erabakigarria izango den hurrengo asteburuko 3 saioei begira da liga. Lau saio joikatu dira Gasteizen, Kakiturrin, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolan. Asteburuko hotz-beroak kendu zituzten bertsolarien doinu eta errimekin. Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz), Muinoko Katuak Resurrection (Gasteiz), Konde Basoko Iluek (Aramaio) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan. Azken hau, A ligako garaile izan da eta beraz finalaurrekoetarako txartela lortu du, Agurainen kantatuko dute datorren otsailaren 29an.

Kuadrillartekoaren hirugarren asteburuak bazterrak berotu ditu - Gehiago irakurri

Kuadrillartekoko 4 saio Gasteizen

Kuadrillartekoko 4 saio Gasteizen

2020/02/06

Lehen faseko hirugarren eta azkenaurreko asteburuan, lau saio jokatuko dira Gasteizen, Kakiturri Elkartean, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolako Etxe Zaharra Elkartean.

Kuadrillartekoko 4 saio Gasteizen - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2020/01/18

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2020/02/08
Ordua
14:30
Mota
Sailkapena
Herria
Mendiola
Tokia
Mendiolako Etxe Zaharra Elkartea