Otsailak 7, Gasteiz, Gaztetxea
Muinoko katuak resurrection eta Lautadako ahuntzak
D ligako bigarren saioa burutu da Gaztetxean. Etxeko taldea Muinoko Katuak Resurrection izan da eta gonbidatuak Zalduondotik etorri diren Lautadako Ahuntzak (belarri eta guzti). 21:00ak aldera batu gara 60 lagun afalorduan eta barneko hotza giro paregabearekin berotu dute bertsolariek. Izan dugun afari goxoak ere zerikusia izan du giroan, eta nola ez kopak! Gaztetxera hurbildu garen guztion poz nagusiena Ekaitz Samaniego gure artean egotea izan da! Ongi etorri Ekaitz!
Maialen Kortabarria ibili da gai jartzaile lanean, beti bezain fin. Saio honetan idatzizko modalitatean bi talde izan ditugu; lehenik Palmondo Tristeak aritu dira: 10 bat lagun Gaztetxeko eszenatokira mozorrotuta igo dira gitarra baten laguntzaz, haien artean Ekaitz. Gaztetxeko gazteek haiei buruzko hainbat bertso sorta kantatu dituzte, eta erritmoa jarri diote batak besteari botatako “pullita” bakoitzari. Bigarrenik, Amaia zentroko bertso eskolako lagunak izan ditugu: hiru promesa gazte Ander Solozabalen gitarraren laguntzaz. Muinoko katuak izan dituzte jopuntuan eta Bidelapurraken Harraparia abestiarekin abestu dute.
Bat bateko saioari dagokionez, etxeko taldea hasi da agurrarekin; zazpi “gazte” mitikoz osatutako taldea, Maialen Saez de Okariz, Amaia Lasaga, Maite Solozabal, Uxue Ruiz de Arkaute, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego eta Ander Solozabal. Aspaldiko kontuak ekarri dituzte gogora, adibidez, nola printzipaletik behera jausi zitzaien behin bonboa. Haiek argi utzi dute Lautada garaitzea erraza dela eta horrela hasi zen inoiz banandu ez diren katuen resurrekzio gala. Lautadako 4 ahuntz etorri dira: Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Katuek bezala doinuarekin mozorrotuta eta koro eta guzti, natural-natural ibili dira beste taldekideei buruz solasean, barre algarak sorrarazi dituzte.
Hurrengo ariketetan egun pil-pilean dauden gaiak jorratu dira: Iñaki eta Irati greba orokorrari buruz eta jada hildako 14 langilei buruz aritu dira. Bestetik, Oihane eta Ander politikari bihurtu dira eta haien buruak lehendakaritzara aurkeztu ondoren telebistako debate saio batean murgildu ditu gaiak. Lau oinak emanda Uxue eta Markel ibili dira; biek oso airoso gauzatu dituzte bertsoak. Aitorrek eta Maitek zortziko nagusian bertso bana sortu behar izan dituzte. Biak gauarekin lotuta, “etxetik irten eta berriro / liatu naiz gaur gauean” amaierarekin Aitorrek ostegun gauak ekarri ditu gogora eta Maitek aldiz, “gauak, kaleak gureak dira / ozen esan ahal dugu” bukaerarekin, emakumeen indarra goraipatu du.
Kopletako saioa Beñat Goitiak gitarraz lagunduta etxeko taldeak hasi du eta bertan Ekaitz, Amaia eta Uxue ibili dira kantuan, bertsoez kokotaraino dauden gaztetxeroak izanik. Lautadako Irati, Aitor eta Oihane ahuntzak bertxokotarrak izan dira eta euren ezizenak bilatzen aritu dira. Oihanek argi du berea “Nik dut barrena gorria, puntua ondo jarria ni izango naiz irratsaioko amona mantangorria”.
Epaileek euren lana bete bitartean agurrak bota dituzte. Kanpoko taldeak, gitarra izan du bidelagun berriro ere “No woman no cry” doinuaren, publikora bideratu dituzte eskerrak eta Ekaitzen ongi etorria eta beste taldeko emakumeen birsortzea goraipatu dute. Muinoko katuen azken agurra Maitek bota du, hunkigarria izan da eta barneko oroitzapenetik abiatu da, “bidea bizi eta gozatu nahi duzuena izaten” esaten amaitu da bertso saioa. Puntuazioak batu ondoren, irabazlearen izena esan du Maialen Kortabarriak, ZORIONAK MUINOKO KATUAK RESURRECTION!
Hau da Palmondoko tristeak taldeko kideek prestatutako bertso sorta:
Bertxiokoa:
A ze kuadrilla ederra
benetan zuri eskerra
huts egiten ez duena, zaintza lanetan liderra
zaintza lanetan liderra
a ze kuadrilla ederra
Ez da ezagutzen gerra
kariñoa ta plazerra
bake eztanda bateko, bizikidetza kraterra
bizikidetza kraterra
ez da ezagutzen gerra
Kuadrilla idilikoa
dugu gure artekoa
elkar zaintzen duena ta
gatazkarik gabekoa
poteorako botea
jai orotako trantzea
latza da norbait harekin, joan dela ikustea
joan dela ikustea
jai orotako trantzea
Amaia azpisugea
ebasle bihozgabea
ohitura du diru hori tabakotan gastatzea
tabakotan gastatzea
ebasle bihozgabea
(Amaiaren rapa)
Azpisuge naizela duzue esaten
Botea behin eraman baitnuen
Baina gauza bat esan behar dizuet
Gutxienez ez nago beti ausente
Gainera tabakoa badut erosten
Gero guztiekin dut konpartitzen
Kuadrilla idilikoa
Dugu gure artekoa
Elkar zaintzen duena ta
Gatazkarik gabekoa
Xabier zu honezkero
Inork ez zaitu espero
Desagerturik baitzaude, maitemindu eta gero
Maitemindu eta gero
Inork ez zaitu espero
(“Besame mucho")
Besame,
Besame mucho
Como si fuera ésta noche
La última vez
Besame, besame mucho
Que tengo miedo a perderte
Perderte después
Hiru urtean behin edo
zatoz umeekin ero
Gainera gu juergan gaude haiekin zatozenero
Haiekin zatozenero
Hiru urtean behin edo
Kuadrilla idilikoa
dugu gure artekoa
elkar zaintzen duena ta
gatazkarik gabekoa
Larraitz da oso lasaia
Baina iristean jaia
Lauzpabost trago hartuta
Berehala da on fire
Berehala da on fire
Larraitz da oso lasaia (denok eskuekin keinu ironikoa)
(Larraitz is on fire, beti beti beti beti Larraitz is on fire)
Igual ez da bere nahia
Baina Larraitz ! vaya, vaya!
Laster ateratzen ditu
Labana ta igitaia
Labana ta igitaia
Igual ez da bere nahia…
Kuadrilla idilikoa
dugu gure artekoa
elkar zaintzen duena ta
gatazkarik gabekoa
Jendez gainezka kantoia
Behera dihoa goia
Liatzen ikusi orduko laguna ta neska ohia
Laguna ta neska ohia
Behera dihoa goia
Sexu-askearen sasoia
Anderrek segi gidoia
Oso modernoak gara baina zelako kabroia
baina zelako kabroia
sexu-askearen sasoia
(“Tengo una debilidad”)
Tengo una debilidad
Hay que calamidad
Mi vida es un disgusto
Tengo una debilidad
No sé que pasara
Si no me doy el gusto
Kuadrilla idilikoa
Dugu gure artekoa
Elkar zaintzen duena ta
Gatazkarik gabekoa
Erakunde elitista
kanpokoentzat itxita
Ezin gauza ona izan, diskriminatzen hasita
Diskriminatzen hasita
Erakunde elitista
Tradizioei harrika
hasteko dugu irrika
Koadrilla abolitzeko, noiz jarriko dugu zita
Noiz jarriko dugu zita
Tradizioei harrika
Ez da hain idilikoa
Kuadrilla bionikoa
Maitasuna badauka ta
Baita ere gorrotoa
Ez da hain idilikoa
Kuadrilla bionikoa
Maitasuna badauka ta
Baita ere gorrotoa
Albisteak
Kuadrillartekoaren hirugarren asteburuak bazterrak berotu ditu
Kuadrillarteko 3. asteburuko 4 saioak burutu ostean, azken eta erabakigarria izango den hurrengo asteburuko 3 saioei begira da liga. Lau saio joikatu dira Gasteizen, Kakiturrin, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolan. Asteburuko hotz-beroak kendu zituzten bertsolarien doinu eta errimekin. Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz), Muinoko Katuak Resurrection (Gasteiz), Konde Basoko Iluek (Aramaio) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan. Azken hau, A ligako garaile izan da eta beraz finalaurrekoetarako txartela lortu du, Agurainen kantatuko dute datorren otsailaren 29an.
Kuadrillartekoko 4 saio Gasteizen
Lehen faseko hirugarren eta azkenaurreko asteburuan, lau saio jokatuko dira Gasteizen, Kakiturri Elkartean, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolako Etxe Zaharra Elkartean.
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago
Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.
Fitxa
- Eguna
- 2020/02/07
- Ordua
- 21:00
- Mota
- Sailkapena
- Herria
- Gasteiz
- Tokia
- Gaztetxea