Otsailak 1, Zalduondo
Lautadako ahuntzak eta Gorbeialdeko azkenak
D ligako lehen saioa, pasaden larunbatean, otsailak 1 jokatu zen Zalduondoko Zeledon Toki Elkartean. 14:00ak inguru gerturatu zen jendea elkartera, baina askoz lehenagotik zeuden han etxeko taldekoak. Sua egin, ekipoa montatu, mahaiak antolatu, bazkaria sukaldatu… Labearen azken momentuko baja ez zen arazoa izan sakramentuak prestatzeko. Izan ere, hotz handirik egin ez arren, bertso bazkarira gerturatu zirenek, babarrun goxoekin berotu zituzten barrenak.
Familia giroan bazkaldu eta gero, urduritasuna agertzearekin bat ekin zioten bertsolariek abesteari. Lehenik, idatzizko modalitateko Zalduon-Do Re Mix taldea aritu zen Rosaliari lapurtutako doinua Trikitixa eta klarinetearekin bertsionatuta. Horren ostean, bat-bateko saioaren txanda heldu zen. Lautadako ahuntzek ekipo fresko eta gaztea plazaratu zuten, lautadakoa ez zen fitxajeren bat eta guzti tarteko; Eider Adame, Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Gorbeialdeko azkenek ordea, esperientzia handiko taldea baliatu zuten norgehiagokan; Aitor Jiménez, Serapio López eta Unai Gomez. Saioa epaitzeko 3 kide egon ziren, elkarteko ordezkari bat eta talde bakoitzeko kide bat. Gai-emaile lanetan, neguko merkatuan lortutako azken momentuko fitxajea egon zen eta honekin batera, argazkilari lanetan, aspaldiko garaietan bertso eskolan ibilitako beste gazte bat. 20 bat entzule izan zituen saioak.
Bertso saioan aktualitateko gaiak jorratu ziren, hala nola, Coronavirusa, Zumarraundiko bidea eta aldaketa klimatikoa. Bertsolariek egin beharreko ariketak taldekako agurra, 8ko nagusia, 8ko txikia, puntuka, 4 oinak emanda, puntu erantzunak, bukaera emanda eta musikaz lagundutako koplak izan ziren. Gai gehienak umoretik hartu zituzten eta honek publikoaren barreak eragin zituen. Epaileen aburuz, Lautadako ahuntzak izan zen talde irabazlea.
Bertso eskolako gazteek lehen fila okupatu zuten eta adi-adi entzun zituzten bertso guztiak, egunen batean seguraski haiek hartuko dutelarik erreleboa. Duela urte batzuk bertso eskolan ibilitako jendea ere gerturatu zen, beraz hazia ereinda dago. Loratuko ote da?
Hau da Zalduon-Do Re Mix taldeko kideek prestatutako bertso sorta:
MARRONAZOO
(Txaloak)
Batzuk gaude batxillerren
ta besteak DBHn.
Kuadrillartekoa berriz
gabiltza errepikatzen.
Azeituna batzuk eman
eta engainatu gaituzte.
Lan egin behar genuela
hori ez genuen uste.
KAKA! MARRONAZO
Entsaioak prestatzen
Oihane dugu lehena.
Baina gero bera dugu
bertan agertzen ez dena.
Hemengo sukaldariek
ematen digute pena.
Babarrun txar triste batzuk
egiten admiten dena.
MARRONAZO KAKA! MARRONAZO
Epaile on bat daukagu
Egoitz zu salbatzen zara.
Oparitu puntu batzuk
edo joan pikutara.
Azkeneko hitzak ditugu
gure sorta amaitzeko.
Lautadako ahuntzei
ez dugu ezer eskertzeko.
MARRONAZO KAKA! MARRONAZO
Albisteak
Giro bikaina Kuadrillarteko bigarren asteburuan
Larunbatean eman zitzaion jarraipena Kuadrillartekoari bi saiorekin. Bi saio jokatu ziren Zalduondo eta Gasteizen. Asteburu honetan ere umorea eta giro ederra nagusitu dira, Kuadrillarteko senari jarraiki. Lautadako ahuntzak (Zalduondo) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan.
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago
Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.
Fitxa
- Eguna
- 2020/02/01
- Ordua
- 14:00
- Mota
- Sailkapena
- Herria
- Zalduondo
- Tokia
- Zeledon Toki Elkartea