Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 1, Gasteiz, Errexala

Gasteizko Errexala eta Sumendiola bete poto

Ezina ekinez egina

 

Gerezti Unanuek agurrean esan bezala, askoren aletxoekin gauza politak gertatzen dira.

Larunbatekoa ere holako gau magiko bat izan zen, Errexala elkartean izan ginen 35 lagunok zati batean ahaztuko ez duguna.

Josu Vadillo aurkezleak bikain bideratu zuen saioa.

Epaimahaian Kristina Arteaga, Manex Garaio eta Fernando Sopelana.

Duela bi urtetako toki berean jokatutako desafioa presente egon zen hasiera hasieratik eta talde bakoitza mahaiaren alde desberdinetan eseri zen. Agurrak ere gerra usainean prestatu zituzten. Errexalakoak Star Warseko karetak jantzita eta Sumendiola Bete Potokoak, berriz, beraien tronua mantendu nahi zuten balkiriak.

Iparralde Gizarte Etxeko Bertsoaren Saltsako taldeak bertso sorta ederra taularatu zuen zaldi beltz ezagun baten doinuan euren jantzi mexikar eta guzti. Zorionak Aintzane Guridi , Josu Vadillo, Xabi Aranburu, Oskar Goldaraz eta Idoia Lafuente

Ofiziotan hastea Felipe Zelaieta eta Oier Lakuntzari egokitu zitzaien, zortziko handian. Lan baldintza kaskarrak zituzten bi langile izan ziren, betiko dilemarekin: kexatu eala ez kexatu. Oierrek seme-alaben janaria zeukan gogoan eta Felipek osasuna beste ezeren aurretik dagoela erantzun zion.

Txikian erregina gabeko erlauntza bateko erle langilea izan zen Julen Martiartu, eta Garikoitz Sarriugarte, erlemandoa. Garik argi utzi zion bera ez zela lanerako jaio, eta Julenek bera ere aspertu zela eta ez zuela ezti gehiago egingo.

Lau oinak emanda zortziko txiki bi osatzeko txanda heldu zen. Eider Etxeberriak Markitos oroipen magikoz oroitzen duela eta beste taldekoek berak porrot egin zezan desio arren, bera Robokop dela eta aurrera egingo duela esan zuen. Geresti Unanuek esan zuen berak ez duela ordainduko Errexala taldekoei eragingo dien kaltea.

Bukaera emanda bertsoa osatzerakoan, Maddi Juaristik osteguneko greba ez zela porrota izan eta borrokak jarraituko duela esan zigun. Ainara Balantzategik, ordea, historia irabazleak idazten duela eta horregatik liburuetan hutsune handiak daudela.

Garik Ainhoa Aizpuruak jarritako puntuekin hiru bertso osatu zituen. Coronavirusa ez zaiola heldu, baina prest daukala maionesa Musa. Beñat Garaiok esan zuen Frantziaraino joan zela maskarilla bila.

Kartzelako lana egiterakoan, Errexalakoak kalera atera zituzten Sumendiola Bete Potokoek kantatzen zuten bitartean. Igeri egiten ikasteko ikastaroaren lehen eguna zen. Igerilekura salto egiteko prest zeuden, txano eta guzti. Julen, Gerezti eta Beñatek burua ez sartzea zela gakoa eta mangitoa etxean utzi zutela esan ziguten. Errexalako Juan, Gari eta Felipek, berriz, inork ez zuen antza lehena izan nahi eta beteranoena, Juan, hain zuzen ere, bidali nahi izan zuten.

Koplaka Aita Semeak doinuan aritu ziren. Jon Zelaieta eta Oskar Goldaraz musikarien aginduetara. Felipe, Gari eta Juan maletak galdu zituzten Erasmuseko hiru ikasle izan ziren. Umorez hartu zuten eta bekaren dirua zerbezatan gastatzea erabaki zuten galtzontzillo zikinak jantzi behar izan arren.

Maddi, Oier eta Beñat bost izarretako hotel bateko garbitzaileak izan ziren. Kontatu ziguten aurkitutako gauzen artean kokaina, gepardoak eta beste taldekoek galdutako galtzontzilloak zeudela.

Ikusleen artean zegoen Jesus Etxaburu, Getxori Kaxianoren Zorionak kantatu genion bere 60. urtebetetze egunean.

Agurretan aita izan berri zen Manu Bendala txalotu zuen jendeak.

Juanek epaimahaikoak bihotzez maite zituela esan arren, Sumendiola Bete Poto taldea izan zen irabazlea. Zorionak!

Aipamen berezia merezi du sukaldean eta zerbitzatzen hain trebe aritu zen talde osoak: Pedro Gómez, Kristina Arteaga, Inaxio Etxeberria, Belen Urutxurtu, Aintzane Guridi, Xabi Aranburu… 12 eurotan holako afaria prestatzen ez dute Basque Culinary Centerren erakusten, ez horixe!

Argazkilari lanetan eta Facebookera informazioa igotzen Belen Urutxurtu eta Antton Bastero aritu ziren.

Jon eta Oskarrek kontzertu polita eskaini ziguten ondoren, eta txoritxo batek kontatu digunez, batzuentzat nahikotxo luzatu zen gaua.

 

Hauek dira Bertsoaren Saltsa Bertso eskolako  taldeak kantatutako bertso idatziak:

Gitarra eskuan hartuta

hementxe gaude hainbeste lore.

Jantzi gara gaur guztiok

kantatzeko hemen oso dotore.

Zuen aurrean jartzea

bada guretzat nahiko ohore,

ta kantuan jarraitzea

guztiontzako izango da hobe.

 

Esker mila eman nahi diot

gaur koadrilari, bertso eskolari.

Astelehenero klasean

hobera egiten dugu nabari.

Felipe entrenadadore

beti dotore dut gidari,

ta hori erakustera

lotsarik gabe gatoz kantari

 

Koadrilari esker bertsotan

ni engantxatzea bada mesede,

bertsoak egin ta egin

batzutan poto, bestetan trebe,

bilakatzen gara berdin

Txanogorritxu edo errege,

lortzen duguuu ahaztea

aste osoko poblemak ere.

 

Goza dezagun gaur beraz,

euskara dugu ta guztiona.

Maite dugun hori josiz

sortzen dira ta hainbeste broma.

Aurre egin diezaiogun

lotsari eta etorri hona,

ta eman diezaiogun

gure euskarari zoriona

 

Bertso Koadrila Artekoei

nahi dizuegu egin omena.

Bertsotan gu aritzeko

asmatu dute ona sistema.

Zabaldu dezagun denok

garrasi eta oihu ozena,

bertsotan sarri aritzea

da horretarako modu onena

 

Doinua: caballo prieto azabache.

 

 

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Giro bikaina Kuadrillarteko bigarren asteburuan

Giro bikaina Kuadrillarteko bigarren asteburuan

2020/02/03

Larunbatean eman zitzaion jarraipena Kuadrillartekoari bi saiorekin. Bi saio jokatu ziren Zalduondo eta Gasteizen. Asteburu honetan ere umorea eta giro ederra nagusitu dira, Kuadrillarteko senari jarraiki. Lautadako ahuntzak (Zalduondo) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan.

Giro bikaina Kuadrillarteko bigarren asteburuan - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2020/01/18

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2020/02/01
Ordua
21:00
Mota
Sailkapena
Herria
Gasteiz
Tokia
Errexala Elkartea