Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Umorea eta giro ona gailendu dira Kuadrillarteko lehen asteburuan

2020/01/28
Aurrekoan ostiralean hasi zen 2020ko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehen faseko 3 saio jokatu ziren Laudio, Korres eta Aramaion. Giro ederrean eta umorea protagonista izan zen saioetan, Errexala (Gasteiz), Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) eta Konde basoko iluek (Aramaio) taldeak izan dira garaile saioetan.

Saio hauen informazio gehiago eta argazkiak hemen aurkituko dituzu

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa/saioak/urtarrilak-24-laudio-basalarrina-elkartea 

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa/saioak/urtarrilak-24-korres

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa/saioak/urtarrilak-24-aramaio

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikistak bidalitakoa:

Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteiozko Errexala

Atzo izan zen Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Basalarrina elkartean kantatu zuten Aiaraldeko "Altubepekoak"  eta Gasteizko "Errexala" taldeek. 

Aurreko larunbatean aurkeztu zuten Aramaion Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketa. Bertan hartuko dute parte eskualdeko "Altubepekoak" taldekoek. Hain zuzen, atzo izan zuten aurreneko saioa, Laudioko Basalarrina elkartean. Gasteizko "Errexala" taldea izan zuten aurkari, eta beraiek lortu zuten puntu gehien. 

25 lagun inguru bildu ziren atzoko saiora. Ander Fernandez izan zen aurkezle, eta harekin batera osatu zuten taldea Iñaki Cabezak, Ainhoa Comasek, Unai Mendibilek eta Izar Mendigurenek. Agur kolektiboen ondotik, zortziko handian eta txikian ofizio bana abestu behar izan zituzten bertsolariek.

Ainhoa Comasek (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugartek (Errexala), iturgin lanpostura aurkeztutako 2 lagun ordezkatu zituzten, patroiak mutila hautatu zuela eta. Sarriugarteren borondate onaren aurrean, karitatea ez, justizia dela behar dena nabarmendu zuen aiaraldearrak. Zortziko txikian, zaintza lanak izan zituzten hizpide Manu Bendalak (Errexala) eta Izar Mendigurenek (Altubepekoak); eta puntu erantzunetan Aiarako jendeaz aritu ziren Unai Mendibil (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugarte. Gainontzekoan, ondorengo lanak osatu behar izan zituzten bertsolariek: lau oinak, bukaera emanda, puntuka eta koplaka. Aiaraldetik Iñaki Cabezak heldu zien errimen ariketari eta bukaerarekin bertsoa osatzeari. Saioa bizia izan zen orohar, eta bertsolari denek utzi zituzten ale politak. Entzuleak ere gustura egon ziren, sare sozialetako txioak bistaratzen duenez:

Amestu egunez@amets_gile

Bertsolariek hitza
Eguraldiak hotza
Kuadrilla artekoak giroa
Bertaratutakook geroa

Bertsolariek kantua
Musikariek doinua
Basalarrinak gertutasuna
Kantariek berehalakotasuna

Bertsolariek umorea
Elkartutakook sarea
Topaketak euskera
Ostiralak plazera

Astea amaitzeko osagai onak!

 

 Otsailaren 8an izango dute hurrengo saioa aiaraldearrek, Gasteizko "Sumendindiola bete poto" taldearekin batera. Aurtengo txapelketan 12 talde ariko dira bat-batean, 62 bertsolari, 16 epaile eta 17 gai-jartzaile. 

 

Mendialdeko BertsoLARRIak eta Gasteiozko Kakiturriko Gladioloreak

Korreseko tabernan elkartu gara afaldu eta kopla elegante batzuk botatzeko asmoarekin. Lehenik eta behin, afari goxoaz gozateko aukera izan dugu eta postrea gorputzean sartu eta gero bi taldeek beren koloreetako kamisetak jantzi eta gero bertso saioari hasiera eman diote. 

 

Etxekoek peluka, txano eta kuadrodun alkandorak soinean jantzita zituztela haien kopla idatziak kantatu dizkigute kitarra soinuaz lagunduta.

Agurraren erronda etorri da ondoren. Bertsolarriek konplementuak kendu eta musika elektronikoaz lagunduta aurkeztu dira eta Gladioloreek banan banan haien loretxoak aurkeztu dizkigute.

Kopla onak eta ez hain onak entzuteko aukera izan dugu, hori bai, giro zoragarriaz gozatu dugu momentu oro.

Behin bertso saioa amaituta eta epaimahaiak erabakia hartzen zuen bitartean bertsoariak rapeatzen hasi dira, pike handia sortuz. Entzuleek far galantak bota dituzte.

Gladioloreek 20 eta 4 irabazi diete BertsoLARRIei.

Irrikitan gaude hurrengo saioaz gozatzeko!

 

Aramaioko Konde basoko iluek eta Izenbakuek

Bertso egunaren osteko nekeak gorputzetik askatuta, eta aurreko larunbatak herrian sortutako giroari tiraka, hogeita hamar lagun inguru bildu ziren Aramaioko Marixeka elkartean, afalosteko saioari adi. Konde basoko iluek taldeak irabazi zuen derbi aramaioarra, saioan Izenbakuek taldearekin aritu ostean.

 

Konde basoko iluek taldeak etxean hartu zituen Izenbakuek taldekoak. Arratsaldean hurbildu ziren elkartera, eta taldekideen artean prestatu zuten afaria. Afalosteko saioa hasteko, Aramaioko bertso-eskolako gazteek kuadrilari buruzko bertso-sorta eskaini zieten entzuleei: “Aitortzarena ideia txarra / izango zen beharbada,/ zeren ez dugu asko luzatu/ gure eskerren ilara… / Nahiz sarri izan gerrak, / kuadrillari eskerrak / egin dugu maiz algara…/ Gure alde txar ta alde onak/ baina asko maite gara”.

Etxeko taldetik, Xabi Igoa, Aitor Ugarte, Martin Abarrategi eta Paula Amilburu bertsolariak aritu ziren kantuan, eta gaiak jartzen, Lierni Altuna. Izenbakuek taldetik, berriz, Peru Abarrategi, Manex Agirre eta Danel Herrartek egin zuten bertsotan. Saio arina osatu zuten zazpi bertsolariek, tarteka Amaia Arregi eta Irati Lasaga trikiti doinuek lagunduta.