Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Kuadrillartekoaren hirugarren asteburuak bazterrak berotu ditu

2020/02/10
Kuadrillarteko 3. asteburuko 4 saioak burutu ostean, azken eta erabakigarria izango den hurrengo asteburuko 3 saioei begira da liga. Lau saio joikatu dira Gasteizen, Kakiturrin, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolan. Asteburuko hotz-beroak kendu zituzten bertsolarien doinu eta errimekin. Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz), Muinoko Katuak Resurrection (Gasteiz), Konde Basoko Iluek (Aramaio) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan. Azken hau, A ligako garaile izan da eta beraz finalaurrekoetarako txartela lortu du, Agurainen kantatuko dute datorren otsailaren 29an.

Saio hauen informazio gehiago eta argazkiak hemen aurkituko dituzu

Muinoko katuak resurrection eta Lautadako ahuntzak

Kakiturriko Gladioloreak  eta L.P.R. Lautadako Phoemian Rhapsody

Sumendiola Bete Poto eta Altubepekoak

Bazaar Xanmapelezuin eta Konde basoko iluek

 

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikistak bidalitakoa:

Muinoko katuak resurrection eta Lautadako ahuntzak 

D ligako bigarren saioa burutu da Gaztetxean. Etxeko taldea Muinoko Katuak Resurrection izan da eta gonbidatuak Zalduondotik etorri diren Lautadako Ahuntzak (belarri eta guzti). 21:00ak aldera batu gara 60 lagun afalorduan eta barneko hotza giro paregabearekin berotu dute bertsolariek. Izan dugun afari goxoak ere zerikusia izan du giroan, eta nola ez kopak! Gaztetxera hurbildu garen guztion poz nagusiena Ekaitz Samaniego gure artean egotea izan da! Ongi etorri Ekaitz!

Maialen Kortabarria ibili da gai jartzaile lanean, beti bezain fin. Saio honetan idatzizko modalitatean bi talde izan ditugu; lehenik Palmondo Tristeak aritu dira: 10 bat lagun Gaztetxeko eszenatokira mozorrotuta igo dira gitarra baten laguntzaz, haien artean Ekaitz. Gaztetxeko gazteek haiei buruzko hainbat bertso sorta kantatu dituzte, eta erritmoa jarri diote batak besteari botatako “pullita” bakoitzari. Bigarrenik, Amaia zentroko bertso eskolako lagunak izan ditugu: hiru promesa gazte Ander Solozabalen gitarraren laguntzaz. Muinoko katuak izan dituzte jopuntuan eta Bidelapurraken Harraparia abestiarekin abestu dute.

 

Bat bateko saioari dagokionez, etxeko taldea hasi da agurrarekin; zazpi “gazte” mitikoz osatutako taldea, Maialen Saez de Okariz, Amaia Lasaga, Maite Solozabal, Uxue Ruiz de Arkaute, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego eta Ander Solozabal. Aspaldiko kontuak ekarri dituzte gogora, adibidez, nola printzipaletik behera jausi zitzaien behin bonboa. Haiek argi utzi dute Lautada garaitzea erraza dela eta horrela hasi zen inoiz banandu ez diren katuen resurrekzio gala. Lautadako 4 ahuntz etorri dira: Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Katuek bezala doinuarekin mozorrotuta eta koro eta guzti, natural-natural ibili dira beste taldekideei buruz solasean, barre algarak sorrarazi dituzte.

Hurrengo ariketetan egun pil-pilean dauden gaiak jorratu dira: Iñaki eta Irati greba orokorrari buruz eta jada hildako 14 langilei buruz aritu dira. Bestetik, Oihane eta Ander politikari bihurtu dira eta haien buruak lehendakaritzara aurkeztu ondoren telebistako debate saio batean murgildu ditu gaiak. Lau oinak emanda Uxue eta Markel ibili dira; biek oso airoso gauzatu dituzte bertsoak. Aitorrek eta Maitek zortziko nagusian bertso bana sortu behar izan dituzte. Biak gauarekin lotuta, “etxetik irten eta berriro / liatu naiz gaur gauean” amaierarekin Aitorrek ostegun gauak ekarri ditu gogora eta Maitek aldiz, “gauak, kaleak gureak dira / ozen esan ahal dugu” bukaerarekin, emakumeen indarra goraipatu du.

Kopletako saioa Beñat Goitiak gitarraz lagunduta etxeko taldeak hasi du eta bertan Ekaitz, Amaia eta Uxue ibili dira kantuan, bertsoez kokotaraino dauden gaztetxeroak izanik. Lautadako Irati, Aitor eta Oihane ahuntzak bertxokotarrak izan dira eta euren ezizenak bilatzen aritu dira. Oihanek argi du berea “Nik dut barrena gorria, puntua ondo jarria ni izango naiz irratsaioko amona mantangorria”.

Epaileek euren lana bete bitartean agurrak bota dituzte. Kanpoko taldeak, gitarra izan du bidelagun berriro ere “No woman no cry” doinuaren, publikora bideratu dituzte eskerrak eta Ekaitzen ongi etorria eta beste taldeko emakumeen birsortzea goraipatu dute. Muinoko katuen azken agurra Maitek bota du, hunkigarria izan da eta barneko oroitzapenetik abiatu da, “bidea bizi eta gozatu nahi duzuena izaten” esaten amaitu da bertso saioa. Puntuazioak batu ondoren, irabazlearen izena esan du Maialen Kortabarriak, ZORIONAK MUINOKO KATUAK RESURRECTION!

 

Kakiturriko Gladioloreak  eta L.P.R. Lautadako Phoemian Rhapsody

Rapsoda eta Gladioloreekin, bertso-saio ederra ostiralekoa

 

Ostiralean, otsailaren 7an, Gasteizko Kakiturri elkartean topaketa ederra izan genuen bertsozaleok. Kakiturriko Gladioloreek antolatuta, gau-jai alaia gozatu genuen bertaratu ginen 30 bat lagunok.

Afaria bukatu ostean, dena prest zegoen Lautadako Pohemian Rapsody eta Kakiturriko Gladioloreen arteko norgehiagokarako. Patxi Epelde gai-jartzailearen eskutik, ohartu gabe joan ginen bertsoz bertso.

Gladioloreen bertso idatziekin inauguratu zuen Bettok saioa. 26 urte bertsotan, bizitza erdia oin artean pausoka; orain arteko ibilbideari errepasoa egin nahi izan zion, eta bidaide izandako lagunei omenaldia egin zien, Felipe Zelaietaren gitarraren doinuan.

Gero etorri ziren bi taldeen aurkezpenak. Batetik, Kakiturrikoak Gladiokolorez bete ziren, eta argi utzi zuten Xabi RicokJuan Mari Juaristik, Asier Otamendik eta Ander Aranburuk ohituta daudela aurrera egiten, nahiz eta sarri erori lurrera, beti altxatzen.

Horren aurrean, ordea, Mikelats JausoroEneko Fernandez de LandaBeñat CanoRuben Sanchez eta Oier Arbina rapsodak ez ziren kikildu, eta beldurrik gabe erantzun zuten Gladioglorien garaia pasa zela, belaunaldi berria prest zegoela lekukoa hartzeko.

Ofizioetan, zortziko handian, migratzaileak erreskatatu nahi eta ezinean egon zen Mediterraneo itsasoan Oier boluntarioa; izan ere, aurrez aurre zuen Asier, portuko agintaritzako burua, migratzaileak porturatzea debekatzen ziona.

Zortziko txikian, Rubenek tirabirak izan zituen Juan Mari semearekin, sakelako telefonoa dela-eta.

Lau oinetan, Xabi Ricok hizpide izan zuen Ebaristo, Lautadako Kristo. Eta Enekok aukera aprobetxatu zuen afaria musu-truk nahi zuela botatzeko.

Bukaera emanda, Beñat eta Ander ibili ziren: lehena, trenbideak Lautadara ekarritako aldaketei buruz; eta bigarrena, martxoaren 3ko gertaerez.

Hasiera emanda, Juan Mari umoreaz, Zarautzez eta Gasteizez aritu zen. Rubenek, aldiz, hamaika ofizio, hamaika miseria esaerari buelta eman, eta argi utzi zuen gustura aritzen dela bere proiektuetan, eta horietan jarraituko duela.

Kartzelaren ariketan, hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzen aritu ziren bi taldeak, eskutan zituztela laranja bat, kaio bat eta pakete berde argi bat. Rapsoden aldean, OierMikelats eta Eneko; Gladioloreenean, Xabi RicoJuan Mari eta Ander.

Azkenik, Jon Zelaieta gitarran lagun zutela, koplatan aritu ziren bertsolariak. Xabi Ricok, Anderrek eta Asierrek, dutxan zirela, haien pentsamenduak ere biluztu zituzten, eta urte berrirako asmoak betetzen ari ote ziren jakin genuen. Rapsoden txanda iritsi zenean, MikelatsRuben eta Eneko ezkongaien paperean sartu ziren, Elizak emandako ikastaroaren amaieran, gai edo ez gai ziren eztabaidatzen.

Agurren garaian, esker oneko hitzak izan zituzten denek, bai aurkariekiko, bai entzule eta laguntzaileekiko.

Eta azkenik iritsi zen epaia: Gladioloreak garaile. Borrokan jarraitzeko pasea irabazi dute.

 

Sumendiola Bete Poto eta Altubepekoak

Sumendiola bete poto, Mendiolatik Agurainera!

Asteburu honetan jokatu da Arabako bertso-kuadrillartekoaren A ligako azken saioa, ilargi betearen magia lagun. Hiriburuko Sumendiola bete poto-ko kideak Aiaraldeako Altubepekoak-ekin batera aritu ziren bertso-bazkarian. Judimendi auzoko SUmendi espazioko lagunen bertso-sorta idatziarekin abiatu zen saioa. Sumendiola bete potok irabazi zuen giro epel eta bikaineko saioa. Otsailaren 29an erronka berria dute zain, Agurainen.

Sumendiola bete poto taldearen etxeak - Mendiolako batzar-etxea (etxe zaharra) - hartu zuen bertso-bazkarialarunbatean. Sumendiolakoek mimoz prestatutako babarrun jana dastatzeko aukera izan zuten 40 lagunei hamar bat gehiago batu zitzaizkien kafe orduan, bertso-saioaz gozatzeko.

Gai-jartzaile lanetan aritutako lagunen artean, Ekain De Olanok hartu zuen hitza lehenbizi SUmendikoen bertso-sorta idatzia aurkezteko. Igor, Jon, Alazne, Maialen, Karla, Heiko, Andrea, Josu, Miren, Martin eta Maialenek mezu argia bota zuten: “Guztiok beharrezkoak gara SUmendi defendatzeko, guztiok beharrezkoak gara auzoa eraikitzeko… gure kuadrillan lekua dago eta zenbat eta gehio, hobeto”. 

Fernando Sopelana, Rober Trujillano eta Manex Garaio epaileen belarri zorrotzapean abiatu zen bertso-saioa. Sumendiola bete poto-tik Beñat Garaio, Gerezti Unanue, Julen Martiartu eta Maddi Juaristi aritu ziren bertsotan. Hasierako agurrean Jon Bastida eta Ane Pedruzo bertso-eskola kideak batu zitzaizkien. Doraemonen atearen bitartez mundu desberdinetara bidaiatzeko aukera eskaini zieten bertaratutakoei, baita irribarre politak sorrarazi ere Iñaki Cabeza, Unai Mendibil eta Izar Mendiguren bertsolariak aritu ziren Altubepekoak taldean. Gasteiztarrek hasieratik agertu zuten irabazteko anbizioa “…kantatzen dugu irabazteko, bide batez ondo pasatzeko…”. Aiaraldeakoek ordea, irabazteko asmorik ez zutela aitortu zuten hasierako agurrean.

Oscarrek eta Julenek ekin zioten bat-bateko ariketei, Olarizuko gurutzearen auzia gai zutela. Beñatek eta Izarrek kulero bibradoreak izan zituzten solasgai ondoren, zortziko txikian. Maddik eta Unaik errimak lagun eta etsai izan zituzten; batez ere Mendibilek, oin bihurri samarrak egokitu zitzaizkion eta: “…errimak ikusita, nik arranopola!”. Halere, kikildu ez eta eskenatokiari eutsi zion, bukaera emanda zortziko nagusian aritzeko Gereztirekin batera.

Ekainekin batera Ainhoa Aizpuruak, Haizea Garciak eta Garazi De Olanok gidatuta, kartzela lanera heldu ziren bertsolariak. Brexita eta Euskal Herriko egoera batez ere umoretik aztertu zuten, trikornioa, panderoa eta “Brexit” pankarta eskuan zutela.

Soinu-lanetan aritutako Aitor Huergoren gitarrak lagunduta, koplaka borobildu zuten saioa; Agate deuna bezperan amalurra iratzartzeko kantatzera ateratako nekazariak ziren batzuk; inauterietan kalera mozorratuta ateratako bakarrak besteak.

Umorea, giro ona, bazkari goxoa eta bazkaloste samurra, errepikatzeko modukoa!

 

Bazaar Xanmapelezuin eta Konde basoko iluek

Hogeita bost lagun inguru bildu ginen atzo Gasteizko Errekaleorreko gaztetxean. Bazkaldu
ostean, Aramaioko 
Konde basoko Iluek eta Gasteizko Bazaar Xanmapelezuin taldeak
entzuteko aukera izan genuen.


Etxeko taldean Aroa Arrizubieta, Xabier Antia, Mikel Martin, Elisabet Zaldua, Peio
Ormazabal eta Unai Anda aritu ziren kantuan. 
Konde basoko Iluek taldetik, Xabi Igoa, Paula
Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi entzun genituen. Idatzizko modalitatean,
Bertxilika-ko taldekideak aritu ziren.


Idatzizkoen ostean, agurren erronda etorri zen. Bi taldeek koreografia profesionalez lagundu
dituzte beren bertsoak, entzule guztiak dibertituz, eta 
Bazaar Xanmapelezuin-en agurrean
Aitor Ugarte entzuteko aukera ere izan genuen.


Giro ederraz gozatzeko aukera izan genuen, nahiz eta, Aramaioko Xabi Igoak hainbeste
aldiz errepikatu zuen bezala, hotza jardunaldiaren protagonista izan.


Amaierako agurretan, bertsolariek kopla bana bota zuten, entzuleoi “agur hotz bat” eskainiz.
Azkenean, 
Konde basoko Iluek taldeak irabazi du. Ziurrenik, epaileek talde gasteiztarraren
izena ikustean egin zuen erabakia. Azken finean, Aitor Ugartek hasierako agurrean esan
zuen, izena zortzi aldiz irakurrita ere zinezkoa da ikastea.