Aramaioko Izenbakuek taldea izan da garaile 2020ko Arabako bertso Kuadrilla arteko finalean
Urriaren 10ean Murgiako Palatu kirol eremuan burutu zen 2020ko Kuadrillarteko finala. Eguerdian hasi zen bertso festa XXV. Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finalarekin. Bertso gose zenarentzan arratsaldeko hiruko final handia zegoen zain.
16:30ean ireki ziren aretoko ateak, Lander Otaola eta Jon Zelaietaran trikiti doinuan joan ziren era mailakatuan sartzen bertsozaleak.
Txapelketan zehar parte hartutako talde kontrarioak eta bertso lagunak, taldeen jarraitzale eta kuadrillakoak, naiz idatzizko modalitatean parte hartutako kideak elkartu ziren finalera sailkatutako Izenbakuek, Sumendiola bete poto eta Konde basoko iluek hiruko bertso lehia entzutera. 110 lagun kantxa eta gradan, beharreko segurtasun distantziara lekutuak.
Dena prest final handirako, bertsolariek kamiseta koloretsuak soinean eta entzuleak prestu. Hasi zen saioa, bertaratutakoen ikusmira sortu zuten taldeek kantatutako agur berezi zein landuek.
Kantuan aritutakoak Sumendiola bete poto taldeko Julen Martiartu, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Maddi Juaristi eta Beñat Garaio izan ziren. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi. Eta azkenik, Konde basoko iluek taldean Xabi Igoa, Paula Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi aritu ziren.
Zortziko txikian Egunean behin jolasean pika-pika egon ziren Aitor eta Julen, online salmentara pasa ala ez komeni zitzaien eztabaidan aritu ziren Andere eta Oier, bertso ale ederrak tarteko.
Publikoari irri eragin zieten seiko motzeko Beñat eta Xabiren ibiliek, konfinamendu garaiak elkartu eta normaltasun berriak urrundu zituen bi bizilagunak. Jarrain, bikote bila ibili ziren Manex eta Martin alargunak.
Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirre doinuan hozkailuan galdutako urdaizpikoaren bila ibili ziren Sumenditarrak. Kondetarrrak, diskoteketan nahi ez zituzten 40 urteko gazte-zaharren paperean jarri zituen gai jartzaileak . Sukaldari lanetan aritu ziren Izenbakuek.
Lander Otaola eta Jon Zelaieta musikariek lagunduta aritu ziren bertsolariak koplaka kartzelako ariketan, egungo gizarteari nola aurre egingo lioketen kantatuz.
Behin lan puntuagarriak amaituta, epai mahaiko kideen erabakia egina zegoen, Izenbakuek taldea zen 2020ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.
Aurtengoan Arabako produktuz osaturiko Kuadrillarteko zakua eraman zuten taldeek sari gisa, Abrako ardoa, Arabako jatorrizko izeneko arabako txakolina, Garlaneko babarrunak, Erroiz olio errotako "Abuelari" edizio mugatuko olioa eta Udapako Labeldun patatak. Finalera heldutako lagunek Unai Gaztelumendiren talde karikatura ederra jaso zuten eta irabazleek Arabako bertsoak bezala sustraiak errotzen joango den Ficus landare bat.
2020ko Kuadrillartekoak erreleboa pasa dio 2021eko Arabako banakako bertsolari Txapelketari.