Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aramaion jokatuko da Arabako Kuadrillarteko bigarren finalaurrekoa

2020/03/05
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako bigarren finalaurrekoa Aramaioko Sastiñan jokatuko da. Larunbat honetan, 19:30ean hasita, Aramaioko Izenbakuek taldea eta Zalduondoko Lautadako ahuntzak taldea arituko dira kantuan. Bertan erabakiko da Murgiako finalean, martxoaren 28an izango den bigarren taldea zein izango den.

Izenbakuek (Aramaio) eta Lautadako ahuntzak (Zalduondo) taldeak izango dira aurrez aurre larunbatean, Aramaioko Sastiñan. Mokadutxoa  eskainiko da 19:00etan eta saioa 19:30ean hasiko da. 

Aramaioko taldean bertsotan egingo dutenak dira Manex Agirre, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Danel Herrarte. Zalduondoarrak, berriz, Oihane Perea, Markel Yoller, Aitor Najera eta Irati Anda.

Gai jartzaile lanetan Eli Plazaola ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: MIkel Marto (Aramaio), Egoitz Iradier (Zalduondo) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Patxi Aizpurua.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 24an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 12 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta lau astez 12 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatuko da, bigarrena datorren larunbatean Aramaioko Sastiñan  eta azkena, martxoaren 14an Amurrioko Kultur Etxean.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Murgiako Palatu kirol eremuan, martxoaren 18an, abestuko dutenak.