Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago
Larunbatean aurkeztu zen Aramaion Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau. 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, aurten seigarren edizioa izango delarik.
2018ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko.
Taldeka parte hartzen da Txapelketa honetan eta bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.
Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 63 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde).
Idatzizko modalitatea ere antolatu da, aurtengoan lehia sortuaz eta horretan 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek.
Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile ariko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.
Urtarrilaren 24tik martxoaren 28ra
Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta, urtarrilaren 24tik martxoaren 28ra bitarte luzatuko da aurtengo edizioa.
Kanporaketak (12 saio)
Urtarrilak 24, 25: hiru saio; Laudio, Gasteiz eta Aramaio
Otsailak 1: bi saio; Gasteiz eta Zalduondo
Otsaila 7, 8: lau saio; Mendiola, Gasteizen hiru
Otsailak 14, 15: 3 saio; Agurain, Murgia, Aramaio
Finalaurrekoak (3 saio)
Otsailak 29, larunbata, 1.finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten
Martxoak 7, larunbata, 2.finalaurrekoa: Aramaioko Sastiñan
Martxoak 14, larunbata, 3.finalaurrekoa: Amurrioko Kultur Etxean
Finala
Martxoak 28, Murgiako Palatu kirol eremuan