Otsailak 3, Legutio
KRONIKA
San Blas egun euritsua izan genuen larunbatekoa Legution, aste hezea, euria eta elurra bidelagun. Baina eguraldi eskasari aurpegi ona jarriz ez zen egitekorik falta izan herrian, egitarau anitza izan baitzuten bertaratu zirenek.
Iluntzeko 19:30etan 40 bat lagun elkartu ginen Urkiola tabernan mahai inguruan. Mokadutxo bana egin ondoren, 20:00ak aldera, Lorea Jainaga gai jartzaileak hasiera eman zion saioari bi bertso kuadrillak ondoan zituelarik. Alde batetik, etxekoak, Tributu taldea (Maria, Josu eta Iñaki), eta bestetik, Gasteizko Bapateroak taldea (Xabi, Maddalen, Unai, Aroa eta Mikel).
Bertso sortekin etxeko taldea hasi zen, koplaka aritu ziren Markel eta Loreak trikitrixa eta panderoa astintzen zituzten bitartean. Jarraian Gasteiztarren agurra etorri zen. Taldekako agurrean, etxeko hiru bertsolariek herrira ongi etorria eman zien Gasteiztarrei. Bapateroak, ordea, doinu ezberdinez osatutako bertsoaldian animoso aritu ziren, Tribituk zer eginik ez zuela esanez, txantxetan.
Zortziko handian Maria eta Xabi fin ibili ziren beraien lanean. Zortziko txikian Unai eta Iñaki pisukideak izan genituen, argiaren fakturarekin gora behera. Lau oinen atalean Josu eta Mikel izan genituen mikrofonoan, bukaera emanda Maria eta Mikel eta puntu erantzunean Iñaki eta Aroa.
Kartzelakoan gai jartzaileak hainbat objektu eman zizkien bertsolariei eta Asterix, Obelix eta Panoramixen izenean aritu ziren bi taldeak bertsotan, barre algaraka jarri zituzten bertaratutakoak bertsolariek.
Azken lan puntuagarrian kopletan aritu ziren bi taldeak trikitilariek egun da Santimamiña jotzen zuten bitartean.
Nagore, Ekaitz eta Grazi aritu ziren epaile lanetan saioan. Beraien emaitzen zain egon ginen bitartean azken agurra bota zuten bi taldeetako bertsolariek, Aita semeak doinuarekin.
Epaieek beraien erabakia harturik saioko irabazlea nor zen jakiteko ordua Iritsi zen, Bapateroak irabazle. Hala ere, bi taldeek bertaratu ziren guztien txalo zaparrada jaso zuten.
Bukatzeko taldeko argazkia atera zuten parte hartzaile guztiek.
Iritsi zen Urkiola tabernatik irtetzeko ordua, kalean elurra.
Hauxe da Legutioko trikitilariek kantatutako bertso sorta:
Doinua: Josune Arakistainek eta Alaitz Eskuderok egindako doinu berria
Legutioko istoriak
Kantatzen gatoz
Urkiola taberna osoa
Alaitzeko asmoz
Markel Berzal duzue hemen
Trikitixa joz
Eta Lorea Jainaga
Panderoa astintzen gogoz
Pistinan sorpresa agertu da
Ustekabean
Ertzaintzak ez du ezer aurkitu
Bila hastean
Ez badugu igeri egin nahi
Bonba artean
Geuk esan beharko diegu
Non bilatu lurpean
Ezustean notizia bat
Dator tabernatik
Amalurren bonolotoa
Tokau azkenik
Baina ederra egin didate
Ez nago pozik
Txustxes urrundu egin baitute
Neure etxe paretik
Gazte asanbladak egin du lan
Paregabea
Martxan jarri baititu san blas jai
Ta gaztetxea
Ea aurten dugun portaera
Ezin hobea
Eta pakean uzten dugun
Frontoiko estintorea
Albisteak
Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira
Laudion, Legution, Gasteizen, Errekaleorren, Izarran eta Zalduondon jokatu dira 1.faseko azken 6 saioak. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Txandrio (Arabar Errioxa), Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Sumendi bete poto (Gasteiz), Aramaixoko sobrak, Gasteizko Bapateroak eta Errekaleor birizik.
Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak
Hirugarren asteburu honetan, sei bertso saiorekin bukatuko da Kuadrillartekoaren lehen fasea: Laudion, Errekaleorren, Gasteizen, Izarran, Legution eta Zalduondon. Bat-bateko 10 talde arituko dira, eta idatzizko modalitateko 7 talde. Lau ligako irabazleek finalaurrekoetan kantatuko dute gehi puntuazio altuena lortzen duten lehenengo biek.
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago
Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.
Fitxa
- Eguna
- 2018/02/03
- Ordua
- 20:30
- Herria
- Legutio
- Tokia
- Urkiola taberna