Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 3, Gasteiz

KRONIKA

 DSC0313Elurra egin behar zuela baina hori baino bertso zaparrada ederra izan zuten otsailaren 3an, larunbatean, gaueko bederatzietan Gasteizko Errexala elkartean afaltzen hasi eta kopa eskuan azken bertsoa entzun zuten arte bertara hurbildu ziren 55 lagunek.

Bi talde gasteiztar: “Errexala” eta “Sumendi bete poto”. Afarian bertan ere bertsotan hasi zen bat edo beste eta ondoren denak kantuan aritzeko bertso sortak ere egon ziren: Trebiñuko taldea eta Gasteizko Bertsoaren Saltsan

Trebiñu bizi dela nabarmen utzi zuten bertako lagunek koplaka bertso sorta botaz eta baita “cum laude” aritu ere, Arabako borroka luzeari tinko heldu eta umoretsu kantatu zuten eta. Ondoren, urteari errepasoa eman zioten “Errexala” taldekoek beren bertso paperen bitartez (Errekaleorreko afera, zinemagintza Araban, emakume bertsolariak, GEU elkartea, Garoña…).

Kristina Arteaga gai-jartzaileak bideratu zuen saio puntuagarriari. Etxekoek eman zioten hasiera. Garik, Manuk eta Felipek txapela buruan eta patxaran eskuan izanda, inauterietara salto egin eta “sumendia” itzaltzeko suhiltzaile bihurtu ziren. “Sumendi bete poto” taldeko Ainhoak, Julenek, Beñatek, Gorkak eta Peruk txirula eta guztiz erantzun zioten agurrari King Afrikaren doinu eta Star Wars filmeko ezpata ateraz.

Saioan zehar denetarik egon zen: Gasteizko Herri Lasterketan dopatzeko aldeko eta kontrakoak, produktu freskoekin edo aurrez prestatutakoekin orga beteko luketenak eta Egañaren edota Lazkao Txikiren pare ispiluari begira aritutakoak, lau oinekin estropezu egin gabe ibilitakoak (Etzegarateko elurrak edota Kutxiko gorabeherak izanda ere), amaiera orok berri baten hasiera duela aintzat hartzen dutenak, estaldurarik gabe landetxean egon zirenak, masajista eske ibili ziren gimnasioko jubilatuak eta baita Urkulluri berari ere Ajuria-Enea okupatu nahi izan ziotenak. Agurrekin bukatu zen saioa.

Saio ederra, afari “beganoa” aparta, txapeldunak “Sumendi bete poto”... Zorionak irabazleei eta baita beste guztiei ere!

Hauek dira Trebiñuko taldeak egindako bertso idatziak:

Doinua: Maritxu nora zoaz

Kaixo kantuan gatoz kanpo eta barren
kontatzeko ditugu hainbat kontu garden.
Trebiño bizi dela ez al da nabarmen?
periferiatik kanpo sarri ikusi arren

Berdin facebooken izan ta wikipedian
gurekin beti dabiltz itxurakerian,
baina oilarrak gara gure oilategian:
bihotzean zulo bat Araba erdian.

Burgosekin berriz da Trebiñu mintzagai,
gu mintzatzeko gertu gaude, beti, nonahi.
Baina beste aldean horma bat dugu zai.
Balizko hitzarmenik Trebiñok ez du nahi.

Alferrik botatzea oihu eta zaunkak
ze, gutxi balio du sarritan burrukak.
Edozein hitzarmenek egingo baitu krak
errekurritzen badu Gaztelako Juntak.

Ematen du garela lau txoro kaskarin,
baina aldaketa behar da ta ahal bada arin.
Borrokatu gaitezen dotore eta fin
zortzigarren koadrila Trebiño izan dadin.

Horrelako tristea da gure ibilera
aurrean baditugu ta hamaika trintxera.
Ia hondoratuta daukagu trainera.
Radikalak garela diote gainera.

Nahiz gazte hasi ginen asko legez gu be,
borroka honek egin gaitu gu agure.
Baina tematietan gu gara cum laude
ta oraindik kantatzeko umoretsu gaude.

Hona hemen Bertsoaren Saltsan taldeak idatzitako sorta:

Doinua: Ai gure antzinako

Gabon, entzule zintzo,
jator eta atsegin.
Guk ez dugunez behar
hainbeste marketing
zuen aurrera gatoz
kantatuz horren fin
iraganari ateraz
nahikoa etekin
iaz gertatutako
berri onenekin.

Auzoa botatzea
bazuten helburu
baina aurkitu gintuzten
aurrean buruz buru.
Auzo baten barruan
bada hainbat mundu.
Errekaleor bihurtu
da auzo eredu.
Zutik jarraituko du
ta “Guk ARGI dugu”.

Zazpigarren arteak
badauka geroa.
Errementarik gero
beldurtuz gogoa,
martxoak 3rekin
oroimen beroa,
Hollywoodetik dator
izarren aroa.
Zinemagintzan izan
da urte oparoa.

Gasteizen bertsoak
zelako nibela!
Nahiz gazte, nahiz zaharrak
zein giro epela.
Txapelketa izan da
urtero bezala.
Oihane ta Aroa
bikote itzela.
Emakumeen burura
joan da txapela.

Araban bada indar,
gogo eta kemena.
Martxa batean doa
euskararen trena,
irakurle-kluba ta
mendi irteerena,
ekintzak antolatuz
ALEA onena,
GEU elkarteak bete
du mende laurdena.

Itxi nahian berrogei
ta bost urtez gora,
herriaren borroka
horixe da froga.
Gauza serioa da,
hau ez dugu moda.
Garoña itxi baina
arriskua hor da
desmantelatu arte
hortxe egongo da.

Zaila da ulertzea
konprenitzen dugu.
Hamarreko txikia
lau oinak helburu.
Asteleheneko gauez
dozena inguru
elkartu egiten gara,
ez gaude mutu gu
ta poto egiten er
ondo ikasi dugu.

 

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira

2018/02/04

Laudion, Legution, Gasteizen, Errekaleorren, Izarran eta Zalduondon jokatu dira 1.faseko azken 6 saioak. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Txandrio (Arabar Errioxa), Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Sumendi bete poto (Gasteiz), Aramaixoko sobrak, Gasteizko Bapateroak eta Errekaleor birizik.

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira - Gehiago irakurri

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak

2018/01/31

Hirugarren asteburu honetan, sei bertso saiorekin bukatuko da Kuadrillartekoaren lehen fasea: Laudion, Errekaleorren, Gasteizen, Izarran, Legution eta Zalduondon. Bat-bateko 10 talde arituko dira, eta idatzizko modalitateko 7 talde. Lau ligako irabazleek finalaurrekoetan kantatuko dute gehi puntuazio altuena lortzen duten lehenengo biek.

Asteburu honetan Kuadrillartekoaren 1.faseko azken sei saioak - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2018/01/13

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillartekoa aurkeztuko zuten Gasteizen. Txapelketa formatua edukiko du 2018ko edizioak. Guztira 320 parte hartzaile.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2018/02/03
Ordua
21:00
Herria
Gasteiz
Tokia
Errexala