Trebiñu
Hauek dira Trebiñuko taldeak egindako bertso idatziak:
Doinua: Maritxu nora zoaz
Kaixo kantuan gatoz kanpo eta barren
kontatzeko ditugu hainbat kontu garden.
Trebiño bizi dela ez al da nabarmen?
periferiatik kanpo sarri ikusi arren
Berdin facebooken izan ta wikipedian
gurekin beti dabiltz itxurakerian,
baina oilarrak gara gure oilategian:
bihotzean zulo bat Araba erdian.
Burgosekin berriz da Trebiñu mintzagai,
gu mintzatzeko gertu gaude, beti, nonahi.
Baina beste aldean horma bat dugu zai.
Balizko hitzarmenik Trebiñok ez du nahi.
Alferrik botatzea oihu eta zaunkak
ze, gutxi balio du sarritan burrukak.
Edozein hitzarmenek egingo baitu krak
errekurritzen badu Gaztelako Juntak.
Ematen du garela lau txoro kaskarin,
baina aldaketa behar da ta ahal bada arin.
Borrokatu gaitezen dotore eta fin
zortzigarren koadrila Trebiño izan dadin.
Horrelako tristea da gure ibilera
aurrean baditugu ta hamaika trintxera.
Ia hondoratuta daukagu trainera.
Radikalak garela diote gainera.
Nahiz gazte hasi ginen asko legez gu be,
borroka honek egin gaitu gu agure.
Baina tematietan gu gara cum laude
ta oraindik kantatzeko umoretsu gaude.