Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aramaioko Bertso Eskola, Meka taldea

Doinua: Noiz hasi ote zen dena.

 

 

1. Oi Araba, oi Araba

zazpigarrengo alaba,

periferien eremu

ertzetako begirada,

kale estuenen Gasteiz

soro zabalen lautada…

Toloñotik Gorbeiara,

Trebiñutik Bastidara,

hainbat hariz jositako

korapilo bakarra da.

Ixildu! Bi urtean behin

zatoz eta Arabara!

Ipini hankak lurrean,

itzul zaitez Sastiñara!

 

2.

Aramaio aipatzea

bururatzen zait bestela

zelai eguzkitsua ta

erreka-zulo ospela

mendi inguruko hotza

baserritako epela

larre berdeen umela

basoetako orbela

beti imajinatu dut

paradisua horrela

Ez du ba usteko honek,

Benito Lertxundi dela,

egurra ematera gatoz

eta entzun dezatela.

 

Doinua: Misiolari baten moduan.

 

3. Ai Aramaio Suitza txikia

postaletan dena da on,

mendi ederrak, zelai politak,

ez dakit zer falta zaion...

Pentsa herri hau nahiz Arabako

azkenengo puntan egon,

hedabideak ia egunero

dabiltzala Aramaion:

Anna Gabriel Suitzara joan da

Suitza txikira Puigdemont.

 

4. Mila bostehun biztanle dira

ardi batzuk kontatuta,

euren txikian ez al dabiltza

proportzioak galduta?

bakoitzarentzat sei soziedade

ta lau eliza hartuta…

Ta txapelketan zer esanik ez,

nola dabiltzan puztuta...

Normala beti irabaztea

bi kuadrila aurkeztuta!

 

5. Ai gipuzkoar bertsolariak

bai direla dotoreak,

zertara datoz arabarrentzat

txapelak ta ohoreak,

Printzipaleko butakak eta

kamerinotan loreak…

Nire kalean badira behintzat

hiru edo lau hobeak.

Zeozegatik ditu Otamendik

besteen txapel dobleak.

 

6. Atzerritarrak aipatuz gero

hor dago Errekaleor,

ze gazte jende sinpatikoa,

zenbat bertsolari jator;

kuadrillartean lehenengoz baina

finalaurrekotan gogor...

Baskoniaren indarrarekin

akordatzen da edonor,

ba hauek berdin, talde txukuna,

baina arabarra inor.

 

Doinua: Fauna txiki bat bertsotan, agurra.

 

7. “Mila esker” agian,

agian “barkatu”…

Lizentzia librean

dugunez kantatu,

gustoz entzundakoak

gordetzeko hartu;

eta ez bazaizue

gehiegi gustatu…

Gutaz ahaztu eta

saioa gozatu.

 

8. Lehenik gozoegia

ta gero garratza,

neurria ezin hartuta

ari gara antza

ea egiten dugun

berriro gorantza

koadrilletan jarriko

dugu esperantza

eskerrikasko eta

has dadila dantza.

Biografia osoa BDBn