Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Kuadrillartekoaren finalaurrekoak erabakita geratu dira

2018/02/04
Laudion, Legution, Gasteizen, Errekaleorren, Izarran eta Zalduondon jokatu dira 1.faseko azken 6 saioak. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Txandrio (Arabar Errioxa), Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), Sumendi bete poto (Gasteiz), Aramaixoko sobrak, Gasteizko Bapateroak eta Errekaleor birizik.

Bat-bateko hamalau saio jokatu dira Kuadrillartekoaren 1.fasean. 14 talde parte hartzailetik 6 sailkatu dira finalaurrekoetara: liga bakoitzeko irabazleak, eta bi talde sailkapenaren arabera, hauexek:
-Txandrio (Arabar Errioxa), A ligako irabazlea
-Aramaixoko Sobrak, B ligako irabazlea
-Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio), D ligako irabazlea
-Sumendi bete poto (Gasteiz), E ligako irabazlea
-Bapateroak (Gasteiz), 1.a sailkapenaren arabera
-Errekaleor birizik!, 2.a sailkapenaren arabera

Hiru finalaurrekoak horrela osatu dira:
-Otsailak 17, larunbata, Araiako Gaztetxean
Txandrio (Arabar Errioxa) vs Aramaixoko sobrak

-Otsailak 24, larunbata, Amurrioko Gaztetxean
Ibabeko Bertaren bilobak (Aramaio) vs Bapateroak (Gasteiz)

-Martxoak 3, larunbata, Aramaioko Sastiñan
Sumendi bete poto (Gasteiz) vs Errekaleor Birizik!

Hona hemen saio bakoitzeko kronika:

Aiaraldeko Alfreedo eta Mendialdeko mitxarroak

2018 02 02 laudioOstiralean jokatu zen Aiaraldeko "Alfreedom" eta Mendialdeko "Mitxarroak" taldeen arteko desafioa. Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketako bigarren saioa izan zen bi taldeentzat, aurrez Aramaiokoekin aritu baitziren kantuan. Laudioko Basalarrina elkartean jarri zuten hitzordua, 21:00etan. Alabaina, 20:00etan abiatu zen ahotsak eta gorputza berotzeko trikipoteoa, Lander Otaola eta Txema Isasi musikarien laguntzaz. Hala, 22:00etan eseri ziren afaltzen bertsozaleak, eta ondorenean ekin zioten bertso saioari. Lehendabizi, ordea, idatzizko bertsoak kantatu zituzten eskualdekoek.
Bat-bateko bertsoen txanda iritsi zen ostean. Samu Pasandinen esanetara jardun zuten zortziko handian Julen Zulaika eta Izar Mendigurenek. Jupiterretik itzuli edo ez pentsatzea egokitu zitzaien. Zortziko txikian, aldiz, Asier Rubio eta Eli Plazaola aritu ziren. Gaiak bikote baten azalean kokatu zituen bertsolariak, amonak larrutan harrapatu eta "trioa" egiteko proposatu zien unean, hain zuzen. Lau oinak eta bukaera emanda osatu zituzten ariketak segidan, eta puntu erantzunekin, puntuka eta koplaka heldu zioten gauari gero.
25 bertsozale elkartu ziren txokoan. Epaileek Aiaraldeko "Alfreedom" taldeari eman zioten garaipen puntua. Aramaiokoek irabazi dituzte bi saioak, eta hortaz, eurak sailkatuko dira zuzenean finalerdietara. Aiaraldekoek kanporaketen emaitzen zain geratu beharko dute, 2 talde pasako baitira puntuazioei esker. 

 

Legutioko Tribitu eta Gasteizko Bapateroak

2018 02 03 legutioSan Blas egun euritsua izan genuen larunbatekoa Legution, aste hezea, euria eta elurra bidelagun. Baina eguraldi eskasari aurpegi ona jarriz ez zen egitekorik falta izan herrian, egitarau anitza izan baitzuten bertaratu zirenek.

Iluntzeko 19:30etan 40 bat lagun elkartu ginen Urkiola tabernan mahai inguruan. Mokadutxo bana egin ondoren, 20:00ak aldera, Lorea Jainaga gai jartzaileak hasiera eman zion saioari bi bertso kuadrillak ondoan zituelarik. Alde batetik, etxekoak, Tributu taldea (Maria, Josu eta Iñaki), eta bestetik, Gasteizko Bapateroak taldea (Xabi, Maddalen, Unai, Aroa eta Mikel).

Bertso sortekin etxeko taldea hasi zen, koplaka aritu ziren Markel eta Loreak trikitrixa eta panderoa astintzen zituzten bitartean. Jarraian Gasteiztarren agurra etorri zen. Taldekako agurrean, etxeko hiru bertsolariek herrira ongi etorria eman zien Gasteiztarrei. Bapateroak, ordea, doinu ezberdinez osatutako bertsoaldian animoso aritu ziren, Tribituk zer eginik ez zuela esanez, txantxetan.

Zortziko handian Maria eta Xabi fin ibili ziren beraien lanean. Zortziko txikian Unai eta Iñaki pisukideak izan genituen, argiaren fakturarekin gora behera. Lau oinen atalean Josu eta Mikel izan genituen mikrofonoan, bukaera emanda Maria eta Mikel eta puntu erantzunean Iñaki eta Aroa.

Kartzelakoan gai jartzaileak hainbat objektu eman zizkien bertsolariei eta Asterix, Obelix eta Panoramixen izenean aritu ziren bi taldeak bertsotan, barre algaraka jarri zituzten bertaratutakoak bertsolariek.

Azken lan puntuagarrian kopletan aritu ziren bi taldeak trikitilariek egun da Santimamiña jotzen zuten bitartean.

Nagore, Ekaitz eta Grazi aritu ziren epaile lanetan saioan. Beraien emaitzen zain egon ginen bitartean azken agurra bota zuten bi taldeetako bertsolariek, Aita semeak doinuarekin.

Epaieek beraien erabakia harturik saioko irabazlea nor zen jakiteko ordua Iritsi zen, Bapateroak irabazle. Hala ere, bi taldeek bertaratu ziren guztien txalo zaparrada jaso zuten.

Bukatzeko taldeko argazkia atera zuten parte hartzaile guztiek.

Iritsi zen Urkiola tabernatik irtetzeko ordua, kalean elurra.

 

Urkabustaizko Gure azken balaDA eta Lautadako Ezustean eusten

Bazkaltzen5Otsailaren 3an E ligaxkaren barruan “Gure azken balaDA” eta “Ezustean eusten” taldeak aritu ziren nor baino nor, lehenak “etxeko” moduan aritzen zirelarik, Urkabustaizko Beheko Iturri txokoan. Zigor, Unai eta Aitor bandoleroak Lautadako kuatrero Oier, Jonpi, Mikelats, Pablo eta Beñaten aurka, hitz-balen txistuen artean baina adiskidetasun giro goxoan.

Kaleko giro elurtuari aurre eginez 35 bat bertsozale elkartu ziren (horien artean 10 bat ume eta gaztetxo) Txaberrek eta Ibanek prestatu zituzten indabak dastatzeko eta bertsoez gozatzeko.

Kolorea eta erreibindikazioa, bietatik apur bat emateko, Basaude Gure Esku Dagoren bertso sorta entzun genuen Karibeko Guantanameraren sonean, bertso saioari hasiera emateko eta kaleko giro hotzari kontrajarpena ipinita.

Karibeko doinuok artean airean zeudelarik bandoleroek harrotasunez ekin zioten beren agurrari, egurra emateko gogoz eta pistolak erakutsita. Lautadakoak, baina, ez ziren kikildu eta ezusterik gabe eutsi zioten erronkari. Argi geratu zen hasieratik Oier E., Oier S. eta Iker epaileen lana ez zela erraza izango.

Olatzek jarritako gaiei erantzunez Oierrek eta Zigorrek hausnarketa sakona egin zuten intimidadea vs ziurtasuna dikotomiari buruz eta Jonpik eta Unaik norgehiagoka umoretsua janari beganoa vs haragia seme-alaben ezteitako menua aukeratzeko orduan. Beñatek erakutsi zigun zein garrantzitsua den bertsozaleen harrobia biktoriaren loria eskuratzeko eta Oier eta Unai mintzatu ziren lan berdina eginez sari desberdina lortzeaz eta nola demokrazian izanda ere erreferendum eskubidea eta bozka ere lapurtuak izan diren. Oier eta Zigor berriz trebe elkarri puntuak jartzen erantzuna jasotzeko.

Gero kartzelako ariketa: udaletxeko balkoian eskegitako bandera batzuen gogoetak entzun ahal izan genituen, baina gure abokatuen aholkuei men eginez nahiago izan dugu hemen ezer ez jarri. Amaitzeko jakin ahal izan genuen txinatarrera deitzeaz gain gure bandoleroek ez dutela beste baliabiderik okertu den afari bat konpontzeko eta gaztetxoek uste dutela helduok nahiko “zoketeak” garela autoa gasolinarik gabe geratzen zaigunean.

Saio orekatua eta lehiatua. Epaileek emaitza eman bitartean agurrak, eskerrak entzuleei, sukaldariei, gai jartzaile eta epaileei eta bertsolariei (sortakoak eta bat-batekoak). Azkenean bandoleroen pistolek beldurtuta edo, ezustean Lautadakoek ezin izan zioten eutsi eta etxekoek lortu zuten garaipena. Jaiak Izarrako tabernetan jarraitu zuen adiskidetasun giro ederrean eta elurraren kolore zuriari euskararen zipriztina gehituz.

Errekaleor eta Aramaioko sobrak

IMG 20180203 151153Eguerdiko ordu batak dira. Errekaleor auzoko kaleetan ez da inor ageri. Soilik, plazaren izkin batean egurra mozten ari diren zenbait gazte ikus daitezke. Ordea, gaztetxera hurbildu eta atea ireki ezkero, kaleko negu hotzak ezkutatzen duen bizitasuna antzeman daiteke: Sutondoaren goxotasunaren inguruan daude hainbat ikusle eta parte hartzaile, gaurkoan, bertsotan, Aramaixoko sobrak eta Erreralekor Birizik arituko direlarik. Errekaleortarren artean ohikoa den bezala, xumetasuna eta baliabide eskasia izan ziren nagusi; argiaren joan etorriak, janariaren errazionamendua, aurreikuspen faltaren kontrako inprobisazioak... Zeinen ederra den gure buruaz barre egin eta protokoloa adeitasun zintxoz ordezkatzea! Zeinen ederra den kide arteko konfiantza!

Bazkaria amaitu, dena jaso, tximinian egur pare bat gehiago sartu eta prest geunden saioari hasiera emateko. Erreralekor Birizikek “Se me olvidó otra vez” kantaren doinuaz eta gitarraz lagunduta agurra kantatu zuten “ Nahiz ta kamusturik / dakarzkigun aizkorak / lehengo egunean / esan zigun Jakobak / gure konposteran / sartu ezkero sobrak / negua joango da / ta urtengo dira lorak”. Aramaixoko sobrek, ostean, radiokasetea atera, eguzkirako betaurrekoak jarri eta Hemendik At!-en bideoklip batetik ateratako dantzarien modura euren agurra kantatu zuten, “Aqui no hay quien viva” telebista seriearen abesti ezagunarekin. Erritmoak, ordea, ez zuen bertsoen sakontasuna eta mamia estali, Aramaioko kide ohi baten deserriratzea aldarrikatu baitzuten.

Saioak aurrera jarraitu zuen eta ariketaren bat azpimarratzekotan, Paula eta Peioren arteko puntu erantzunak aipatu beharko lirateke, zehazki, Aramaioko kidearen zaska! pare bat eta Peioren etika lezioak. Ondoren, gure gai jartzaile gogokoenak adierazi bezala, “saioaren momentu errepresiboena” heldu zen; kartzela. “No woman no cry” abestiaren erritmoaz, bi taldeek liluratuta utzi zuten ikuslegoa, gazte baten lehenengo hilerokoaren narrazio komiko bezain gordinarekin.

Azkenik, gai jartzailearen free stylearen ostean, noski, irabazlearen izena esateko momentua heldu zen. Jendearen urduritasun aurpegia alderantzikatu eta lasaitasun keinu bihurtu zen aurkezleak irabazlea igorri zuenean: Romualdo Barroso.

Gasteizko Errexala eta Sumendi bete poto

 DSC0313Elurra egin behar zuela baina hori baino bertso zaparrada ederra izan zuten otsailaren 3an, larunbatean, gaueko bederatzietan Gasteizko Errexala elkartean afaltzen hasi eta kopa eskuan azken bertsoa entzun zuten arte bertara hurbildu ziren 55 lagunek.

Bi talde gasteiztar: “Errexala” eta “Sumendi bete poto”. Afarian bertan ere bertsotan hasi zen bat edo beste eta ondoren denak kantuan aritzeko bertso sortak ere egon ziren: Trebiñuko taldea eta Gasteizko Bertsoaren Saltsan

Trebiñu bizi dela nabarmen utzi zuten bertako lagunek koplaka bertso sorta botaz eta baita “cum laude” aritu ere, Arabako borroka luzeari tinko heldu eta umoretsu kantatu zuten eta. Ondoren, urteari errepasoa eman zioten “Errexala” taldekoek beren bertso paperen bitartez (Errekaleorreko afera, zinemagintza Araban, emakume bertsolariak, GEU elkartea, Garoña…).

Kristina Arteaga gai-jartzaileak bideratu zuen saio puntuagarriari. Etxekoek eman zioten hasiera. Garik, Manuk eta Felipek txapela buruan eta patxaran eskuan izanda, inauterietara salto egin eta “sumendia” itzaltzeko suhiltzaile bihurtu ziren. “Sumendi bete poto” taldeko Ainhoak, Julenek, Beñatek, Gorkak eta Peruk txirula eta guztiz erantzun zioten agurrari King Afrikaren doinu eta Star Wars filmeko ezpata ateraz.

Saioan zehar denetarik egon zen: Gasteizko Herri Lasterketan dopatzeko aldeko eta kontrakoak, produktu freskoekin edo aurrez prestatutakoekin orga beteko luketenak eta Egañaren edota Lazkao Txikiren pare ispiluari begira aritutakoak, lau oinekin estropezu egin gabe ibilitakoak (Etzegarateko elurrak edota Kutxiko gorabeherak izanda ere), amaiera orok berri baten hasiera duela aintzat hartzen dutenak, estaldurarik gabe landetxean egon zirenak, masajista eske ibili ziren gimnasioko jubilatuak eta baita Urkulluri berari ere Ajuria-Enea okupatu nahi izan ziotenak. Agurrekin bukatu zen saioa.

Saio ederra, afari “beganoa” aparta, txapeldunak “Sumendi bete poto”... Zorionak irabazleei eta baita beste guztiei ere!

Zalduondoko Egurra salgai eta Gasteizko Kakiturri

2018 02 04 Zalduondo2017ko otsailaren 4a, Zalduondo. Goizean goiz guztiak esna eta eguerdirako Araiako Aratz tabernan poteatzen hasi genuen jardunaldia. Ostean Zalduondoko Zeledon Toki elkartera bideratu ginen, han bazkaltzeko eta babarrun ezin hobeak dastatzeko, zortzi tupper sobratu ziren arren. Saioa hasi eta kaosa nagusitu zen, idatzizko taldea errege arratoia edo regetoia abesten hasi zirenean, argi utzi zuten ze potente datorren belaunaldi berria.

Egurra Salgai taldeko, Markel Yoller, Josu Campo, Oihane Perea, Aitor Najera, Iker Pastor bertsolariak eta Aitana Iradier gaijartzaileak txunditurik utzi zituzten ikusle guztiak Cambridge-ko mediku bat ekarri zutenean. Mediku honek, kakiturriko partaideak diren JoanMª Juaristi, Xabi Rico, Ricardo G. de Durana eta Serapio Lopez-i hainbeste behar zuten “bertsoina” medikazioa banatu zien. Honen ostean Egurra Salgai beraien agurrarekin hasi eta ostean esperientziadun Kakiturriak erakutsi zuten haien maila. Haiek argi utzi zuten ipotza garaitezinak zirela eta bi taldeek txalo ugari jaso zituzten.

Saio osoa oso orekatua izan zen, bi taldeek haien mailarik gorenean jokatu zutelako. Zortziko handiko gaian emakumeen aurkako indarkeria jorratu zen eta bi taldeek ondo defendatu zuten. Saioan zehar giro nahiko ona susmatu zen eta triki, pandero eta irrien artean, epaileek Kakiturri izendatu zuten irabazle.

Egurra Salgaik saioaren ostean berretsi zuen modura, “Kakiturren garaipena gure errua izan da pastilla horiek banatzeagatik. Beste behin esperientziak, gaztetasunari irabazi diot”. Eta honekin guztiarekin zorte on aurrera jarraitzen duzuen talde guztiei!