Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aramaioan jokatuko da erabakigarri izango den 3. eta azken finalaurrekoa

2018/02/28
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa Aramaioko Sastiñan jokatuko da. Larunbat honetan, 19:30ean hasita, Gasteizko Sumendi bete poto taldea eta Errekaleor Birizik! taldea arituko dira norgehiagokan. Bertan erabakiko da Gasteizko finaleko, martxoaren 17an arituko den hirukotea.

Sumendi bete poto eta Errekaleor Birizik! taldeak izango dira aurrez aurre larunbatean, Aramaioko Sastiñan. Pikoteo bat eskainiko da 19:00etan eta saioa 19:30ean hasiko da. Lehendabizi Aramaioko Bertso Eskolakoen  idatzizko taldeak bertso egindako bertso sorta kantatuko dituzte, ondoren jokatuko da finalaurrekoa.

Sumendi Bete Poto taldean bertsotan egingo dutenak Peru de Pedro, Ainhoa Aizpurua, Gorka Guerra, Beñat Garaio eta Julen Martiartu dira. Errekaleortarrak, berriz, Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal.

Gai jartzaile lanetan Oier Suarez ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Manex Garaio (Sumendi), Jon Hidalgo(Errekaleor) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Aitor Jimenez.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 19an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez 14 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Araian jokatu zen, Arabar Errioxako taldea sailkatu zen; bigarren finalaurrekoan Ibabeko Bertan bilobak  Amurrion, eta azkena, martxoaren 3an, larunbat honetan Aramaioko Sastiñan.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Gasteizko Landatxo kiroldegiko finalean, martxoaren 17an, abestuko dutenak.