Ikusle ugari Kuadrillarteko bigarren asteburuan
Aramaioko Ibabeko Bertaren ilobak eta Aiaraldeko Alfreedo
Ederra joan zen Aramaioko Marixeka elkartean urtarrilaren 26 gaueko saioa. Kanturako prest etorri ziren Ibabeko Bertaren bilobak anfitrioiak eta Alfreedo taldeko Aiaraldeko kideak. 36 lagun elkartu ginen afaltzera, elkarteari itxura ederra emanez. Iker Elexpuruk eta laguntzaileek prestatutako afari mundialean (horrelako sukaldariarekin kezka gutxi izaten da kantitate eta kalitatean) jandako guakamole, indioilar, falafel eta abarrekin digestioa egiteko denborarik gabe hasi zen bertsoaren festa.
Bertso idatzien txanda izan zen aurrena eta horretarako Aramaioko Kantu Lagunak taldeak ahots ederrez kantatu eta dantzatu zituzten herriko himnoak bihurtzeko aukera asko dituzten hainbat bertso ("Gora herri txiki ta bizixe!").
Bat bateko saiorako aurrez aurre Aiaraldetik etorritako Alfreedo taldea (Izar Mendiguren, Unai Mendibil eta Asier Rubiok osatuta) eta Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea (Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirrek osatuta) izan genituen. Sarrerako agurretarako aramaioarrek Al Bano eta Romina bertsioneatuz eta Aiaraldekoek gitarra lagun hartuta ederki berotu zuten giroa. Lierni Altuna gaijartzailearen esanak jarraituz bertsolariek bete zituzten egin beharreko lanak eta azkar pasa zen saioa entzulearentzat, bertsoaldi onak joan ziren seinale.
Bukaeran epaileek puntu batuketak egin eta gero Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea atera zen garaile.
Lautadako Ezustean eusten eta Gasteizko Errexala
Aguraingo Astorreka Elkartea bertsoz bete zuten Lautada zein Gasteizko bertsolariek joan den larunbatean. 40 bat lagun bazkaltzeko elkartu eta, kafea eta kopa tarteko, hasiera eman zitzaion saioari.
“Misioilariak” taldeak izan zuen giroa berotzen hasteko erantzukizuna, musikaz lagundutako idatzizko bertso sortarekin. Fin ibili ziren gure bertsolari hasiberriak.
Segidan, gai jartzaileak aurkezpenak egin eta saio puntuagarriari hasiera eman zitzaion, agurrekin. “Ezustean eusten” Lautadako taldeak “hilzorian geunden batzuentzat aurten, hemen gaude berriro ezustean eusten!” abestuz bota zuen agurra. Rantxera, afrikar zein sevillar doinuekin erantzun zieten mozorro eta guzti “Errexala” taldekoek. Giroa berotzen hasita zegoen.
Bigarren ariketan, Oier eta Manu ibili ziren buruz buru, enpresa bereko bi langileren paperean jarrita; komunak ordura arte gizon –emakumeentzat desberdinak izandakoak eta egun, komun berdinak erabiltzen izaten zituzten komeriak abestuz.
Hurrengo ariketa “Errexala” taldeko Felipek eta “Ezustean eusten”-eko Jonpik osatu zuten, zahar egoitza bateko gela berdinean bizi ziren bi agureren paperean jarrita.
Beñat eta Garik parte hartu zuten hurrena. Kontrako taldeak jarritako oinak aintzat hartuz osatu zituzten bina bertso.
Puntu erantzunetan ibili ostean, konturatzerako kartzelakora iritsiak ginen. Betaurreko bereziak eman zizkieten bertsolariei. Betaurrekoak, azken teknologia berrikuntzekin egindakoak zirela eta, jantzi bezain pronto, tropikoan baleude bezala ibiliko zirela Lautada bezalako eskualde hotz batean.
Aparteko giroa jarri zuten elkartean bildutakoek, umorerik ez zen falta izan eta kanpoko hotzak, saioak iraun zuen tartean behintzat, ederki goxatu zituzten.
Amaitzeko, Aintzane gai jartzaileak talde garailearen izena bota zuen: Errexala!. Baina Manu-k abestu bezala: “garaipena da egon izana gustora elkarrekin!” Bejondeizuela parte hartzaile guztiei!
Arabar Errioxako Txandrio eta Legutioko Tribitu
Astean zehar eguraldi kaxkarra izan bazen ere, eguzkiak kuku egin zuen Oionen 2018ko urtarrilean 27an kuadrillarteko saioari dirdira gehiago emateko asmoz. Bertan, Arabar Errioxako Txandrio bertso eskolak eta Legutioko Tribitu taldeak zuten lehia.
“Azkenak” elkarteari kea zerion. Sukaldean bor-bor eta jantokian bixi-bixi bertso-sortako kideen azken ukituak zirela eta. Gero poteoa. Ondoren bazkari bapoa. Eta azkenik saioa hasteko ordua. San-Bi taldeak (Oiongo San Bizente ikastolako ikasle eta ikasle ohiez osatutakoa) ireki zuen bidea “Aldapan gora” kantarekin. Ahotsek, triki, kajoi eta gitarra izan zuten laguntzaile. Giroa bero-bero utzi zuten. Eta horrela mantenduko zen saio guztian zehar.
Txandriotarren agurrean, guztiz vintage, Hotel California, Ongi etorri Errioxara bihurtu zen eta tribitutarrek rock mini-kontzertua eskaini zuten agur gisa. Talde biekin publikoak biziki gozatu zuen.
Zortzikoen garaian Orlandok eta Mariak handian jokatu zuten, eta Iñakik eta Unaik, txikian. Iker eta Josu lau oinetan ederki trebatu ziren. Ginkana polita hasita zegoen, sei bertsolariak martxa hartuta zeuden. Aurrera jarraituz, bertso bukaera emandako lanean Maria eta Iker ibili ziren norgehiagokan, eta puntu erantzunean Orlando eta Iñaki.
Kartzelako lanean erretiratuen bizimodua hartu zen gaitzat. Alazne gai-jartzaileak hainbat objektu eskaini zizkion talde bakoitzari girotu zedin, eta baita bertsolariak erabili ere. Azken lan puntuagarrian, kopletan, etxekoek “Sorterriko koplak” hautatu zuten; gonbidatuek, “Egun da Santimamiña”.
Josu, Nagore eta Ekaitz epaileen emaitzaren zain bitartean, sei bertsolariak agurra kantatu zuten elkarrekin “Aita semeak” doinuan.
Bertsolariak bakarka ondo aritu baziren ere, taldekako lanetan kuadrillartekoaren mamia nabarmen geratu zen. Denontzako merezitako saria hirurogei lagunen txalo zaparrada izan zen; Txandriorentzat, gainera, garaipena.
Gau hotza iritsi zen, baina Errioxan kantatutako bertsoen berotasuna Legutioraino iritsi omen zen.