Aurkezpena
Gauzak zapata-kaxatan gordetzeko ohiturarik baduzu? Guk bai.
Bat badugu, berezia, gauez distira egiten duena, ganbaran gordetzen dugunean zaratatxoak egiten dituena. Eta barruan gorde ditugu:
Printzipalean, finalaren aurretik, back-stagean entzundako urduritasun-haperen bat; jotzen duten bakoitzean haustera doala ematen duen baina inoiz hausten ez den bonbo bat, Irlandako aire (ez euriz: wiskiz) bustia arnasten duen gitarra bat; gutxien uste duzunean eta gutxien uste duzunari entzundako bertso bikaina; bere hots partikular beste ezerekin konparatu ezin dena lortu duen soinu-ekipo zahar bat; saio osteko ke artean emandako besarkada bat; eskolarteko-usainean datozen begi harritu bi; ardo ondu botila batzuk; urrun egon arren bertan dauden lagun bat baino gehiago; gozamen-dosi txikiak ugari.
Gure zapata-kaxa ez da sekula itxita egon: sartu-atera konstantean dabiltza gauzak. Baina 2014ko negu-udaberrian, buelta eman eta bertan dagoen guztia erortzen eta barreiatzen utziko dugu.
Badator 2014ko Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa.