Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Kuadrilla artekoaren kronika Amurrion eta Ametzagan

2014/03/26
Azken aurreko asteburuaren kronika: Amurrio eta Ametzaga

Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren azken aurreko asteburuan bi saio antolatu dira. Ostiralean afari formatuan, Aiaraldeko Ai zapotzin taldeak antolatu zuen saioan Gasteizko Bertxotxoak gonbidatu zituen. Idatzizko sorta bat kantatu zuen Mitxoletak taldeak. Afaria Amurrioko Txakolin elkarteko txokoan izan zen.

Larunbatean, Lautadako Ametzagan, Zalduondoko Zeledonen seme alabak taldeak antolaturiko bertso bazkarira Gasteizko Zabala eta estuak taldekoak gobidatu zituzten. 11 bertsolari mahaiaren bueltan Oier Suarez eta Aitana Iradierren gidaritzapean. Gai ezberdinen inguruan kantatu zuten; Egoitzek eta Markelek bizilekua aukeratzeko komeriak izan zituzten, bata hirian eta bestea Ametzaga bezalako herritxo batean bizi nahi zuelako. Jonpik eta Andonik, berriz, gaizki ulertu geografiko bat izan zuten. Biek saio berean kantatu behar zuten Ametzagan baina Ametzaga desberdinetara joan ziren. Andoni Lautadara eta Jonpi Zuia aldera. Bakarkako lanekin jarraituz, 4 oinetan, Aitor eta Koldo aritu ziren oso gustura. Iratik, makillatu gabe bere printze urdina aurkitu zuen eta Viñasprek errausketaren harira bertsoaldia eskeini zien bertsozaleei. Pastorrek, Txindurri irrati libreko proiektuan sarturik, 3 "estuei" irratsaio bana egokitu behar zien parrilla osatzeko. Estuetan, Iñakik, 3 zapi banatu zizkien Zalduondoko gazteei. Kopletako saioan, Zalduondoko Naur, Aitor eta Markel bandera espainolarekin zer egin erabakitzen egon ziren eta Gasteizkoak, ordea, Nestletik kaleratutako 3 izozkien paperean sartu behar izan ziren. Bukatzeko, librean aritu ziren eta saioa agurtzeko, bertsolariek euren agurra kantatu zuten, behar bezala amaiera emateko saioari.

Larunbat honetan azken saioa egingo da Aramaion eta apirilaren 5ean Kuadrilla artekoaren jaia Agurainen.

bideo spot