Hasteko prest Arabako Bertso-kuadrilla artekoa
Larunbat goizean aurkeztu da, Agurainen, 2014ko Arabako Bertso-kuadrilla artekoa. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau.
Aurreko bi edizioetatik bi aldaketa nabarmentzeko: lehiarik gabe eta autogestionatua izango da.
Auzolanean, lehiarik ezean eta izaera kolektibo eta herrikoian oinarrituta, otsailaren 1etik apirilaren 5era bitarte luzatuko da aurtengo edizioa. Bat-batekoan 15 eta idatzizkoan 21 talde ariko dira aurtengoan, 300 lagun inguru alegia. Hirugarrenez, Arabako bertsolaritza astintzea du helburu Kuadrilla Artekoak.
2010eko Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimenak antolatu dira bertan. Aurten hirugarrenez ospatuko da Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede, Arabako bertsolaritza mugimendua saretu eta indartzeko.
Aurtengoan lehia izaera kenduta dator Kuadrilla Artekoa. Beraz, parte-hartzea sustatzeko asmoz, sailkapenik ez da izango, eta apirilaren 5eko azkeneko saioa ez da finala izango, topaketa bat baizik. Kuadrilla Artekoan arituko diren talde guztiek hartuko dute parte bertan. Hala, aurtengoan Kuadrilla guztien izaera eta egoerara egokituko da ekimena.
Bat-batean ariko diren taldeak autogestionatuak izango dira, eta talde bakoitzak erabakiko du zenbat saio antolatu nahi dituen eta saioak ze formatu izango duen. Beraien ardura izango da taldekideak eta baliabide teknikoak lortzea eta antolatzen dituzten saioen berri herrian edo eskualdean ematea.
34 talde ariko dira
Denera 34 talde inguru ariko dira aurtengoan. Bat-batean 15 taldek hartuko dute parte eta idatzizkoan 19ek. Kuadrilla Artekoaren izaera herrikoia bultzatzeko asmoz, bertsotan egitea, sortzea izango da helburua, eta ez bertsolariak plazaratzea. Herritik abiatutako bertsozaletasuna sustatuko da eta herriko bertsolariak baloratu, bertsolaritza mugimenduaren izaera kolektibotik abiatuta. Alegia, talde bakoitzean bertsolariez gain bertsozale, gai-jartzaile eta bertsolaritzan ezinbesteko diren hainbat kidek hartuko dute parte: grabatzaileak, sukaldariak, trikitilariak… Denera 10-13 kideko taldeak izango dira bat-batean ariko direnak, 150 lagun denera. Bertsolarien eta bertso-eskolen arteko harremana sendotzea da asmoa, eta baita belaunaldi ezberdinak harremanetan jartzea ere.
Idatzizkoan, berriz, 19 taldek eman dute izena. Hainbat izaeratako taldeak dira: bertso-eskolak, gazte asanbladak, euskaltegiak…
Otsailaren 1tik apirilaren 5era
Aurtengo Kuadrilla Artekoak 20 saio izango ditu. Urtarrilaren 18an egingo dugu aurkezpen festa Agurainen. Otsailaren 1ean egingo da lehenengo saioa eta apirilaren 5eko topaketarekin borobilduko da. Herri askotatik pasako da herriak eta eskualdeak aktibatzeko helburuarekin eta, zaletasuna bultzatuz, bertso-eskola eta talde berriak sortzeko asmoz.