Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren lehenengo bi saioak lagun-arteko giro onean

2014/02/03
Legution eta Gasteizko Errexala elkartean egin dira lehenengo bi saioak. Legutioko taldeak eta Errexala taldeak antolatuta, idatzizko 5 talde eta bat-bateko 4 talde kantuan.

Larunbatean jarri zen martxan lehiarik gabe egingo den 2014ko Arabako Bertso-kuadrilla artekoa. Lagun-arteko formatuan, Bat-bateko Legutioko Bostibaieta taldeak eta Gasteizko Errexala taldeak antolatutako saio bana Legution eta Gasteizen egin ziren.

Legutioko bertso-eskolan oinarritutako Bostibaieta bertsotan taldeak antolatutako bazkari jendetsua izan zen. Berrogeita hamar lagun ezin kabitu Albertia elkartean eta Frontoiko txokoan elkartu ziren bost talde parte hartzaileak. Bazkaria ondorengo giro onean idatzizko hiru taldeek ekin zioten saioari; Legutioko Gazte Asanbladako neskak, Bertso-eskolako gazteak eta Murgiako Bertso-eskolako gazteak. Papera ondoan beste gaien artean emakumearen gaia aipatu zuten. Jarraian, Legutikoko Jon Losada gai-jartzailearen eskutik Legutioko Bostibaieta eta Gasteizko Bapateroak taldeak bat-bateko saioari ekin zioten. Ariketa ezberdinen artean trikitilariekin batera egindako puntuka ariketak eta koplek giro onean jarri zuten saioa.

Arratsaldeko partean, Gasteizko Errexala elkartean lau taldeen partaideak eta ingurukoak elkartu ziren. Merendua formatuan,  idatzikoan Bertsoaren Saltsan Gasteizko Udal bertso-eskola eta Trebiñuko Gutxisolo Euskara Elkartea aritu ziren, Rajoy eta Trebiñuko inauteriak izan ziren bi taldeek jorratu zituzten gaiak. Marta Ugarte aurkezlearen eskutik, Gasteizko Errexala taldea eta Urkabustaiz bertso-eskola aritu ziren lagun artean. Ofizioak, hitza emanda, lau oinak, koplaka eta puntuka kantuan aritu ziren kantuan.  

15 talde antolatzaile

Bat-bateko modalitatean arituko diren 15 taldeak dira Kuadrilla arteko honen antolatzaileak. Bat-bateko talde bakoitzak erabaki du zenbat saio antolatu nahi dituen, bi taldeen arteko saioa zein formatutan egin nahi duen, zenbat aldiz kantatu nahi duen Kuadrilla artekoan eta norekin kantatu nahi duen. Taldekideak eta baliabide teknikoak bilatu ditu, herriari eta eskualdeari bere saioen berri eman dio eta nahi duen neurrian hedapena egingo du.

Bertsozale.com-en jarraipena

15 talde antolatzaileek bidalitako materialarekin bertsozale.com eta bertsoa.com-en jarraipena egin ahal izango da. Argazkiak, saio bakoitzaren kronika, bideoak… ikusgai egongo dira bi atari hauetan.

Hurrengo saioak

Gasteizko Landatxo elkartean, ostiralean, otsailaren 7an, 20:30an merendua eta ondoren idatzizko modalitatean Gasteizko Lehiotik at! taldea arituko da. Bat-bateko taldeak Bertxotxoak-Gasteiz eta Unibertsolariak-Aramaio taldeak kantuan arituko dira. Merenduan izena emateko 692711877, 5 euro.

Larunbatean, Izarran, Urkabustaizko Bertso-eskolak, Behekoiturri elkartean, 14:00etan antolatutako bazkarian Urkabustaizko Gazte Asanbladak kantatuko du idatzizko sorta bat eta ondoren Urkabustaiz eta Aguraingo Sorginetxe taldeak arituko dira bat-batean. Bazkarian (15€) izena emateko 665700097.arabako bertso kuadrilla artekoa trebiñuko gutxisolo euskara elkartea

arabako bertso kuadrilla artekoa 2014-02-01 errexala urkabustaiz eserita

Arabako bertso-kuadrilla artekoa gasteiz errexala

bideo spot