Txapelak badu buru berria, Peru Abarrategik irabazi du 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa
Larunbat arratsaldean, Gasteizen jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, Arabako bertsolaritzaren bidea irudikatzen duen harri-pila
Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)
Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo)
Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio)
Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko)
Paula Amilburu Izargarai (Aramaio)
Arantxa Sobrino aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre eta Peru Abarrategi pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Abarrategi nagusitu da eta beraz 2022ko Arabako txapelduna da.
Finaleko epaimahai 5 epaileekin osatuta egon zen: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Manex Garaio eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. Horrela puntuatu zituzten 6 bertsolariak:
Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu
Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu
Oihane Perea Perez de Mendiola 413,5 puntu
Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu
Xabi Igoa Eriz, 402 puntu
Paula Amilburu Izargarai: 384 puntu
Serapio Lopezel jantzi dio txapela txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena 1982an, Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle eta antolatzaile moduan aritua. 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.
2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako sari banatzaileak Araban euskara eta kultura bultzatzen duten eta bertsolaritzaren inguruan nolabaiteko elkarlana egiten duten eragileak dira, beraien lana eskertzeko asmoz: Arabako ALEA komunikazio taldea, Legutioko Gazte Asanblada, Ttiki Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Zalduondoko Kultur Elkartea eta Mendialdeko AEK.
Oroigarria, Olatz Perea Perez de Mendiolak egindako artelana izan da.
Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…
Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak hemen ikusgai daude.
Txapeldunaren bukaerako agurra:
Eskakizun txikitxo bat
aterako dut plazara
nahiz Aramaioxo ta Oion
ez den berdin beharbada
probintzi txiki honek du
bere-berea euskara
batzuek ahaztu arren
gu ere euskaldun gara
beraz konplexu guztiak
doazela pikutara
ama berdinak erditu
baditu zazpi alaba
merezi duen moduan
zaindu ezazue Araba