Finaleko seikotea prest larunbateko norgehiagokarako
Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatuko da, martxoaren 16an, Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30ean.
Finalaren aurkezpena Printzipal Antzokian bertan egin du Arabako Bertsozale Elkarteak. Patxi Aizpuruak aurkeztu ditu sei protagonistak bertan direla:
AROA ARRIZUBIETA
2001. urtean jaiotako gasteiztarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko duela, 2019an parte hartu zuen lehen aldiz. Seikotako gazteena.
ASIER OTAMENDI
Urretxun jaiotako, 1971. urtean jaioa. Lau aldiz irabazi du Arabako txapela. Txapelketa Nagusian kantatu du.
IÑAKI VIÑASPRE
Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2019ko txapelduna.
MANEX AGIRRE 1982. urtean jaiotako aramaioarra. Bi aldiz eskuratu du txapela 2011n eta 2015ean. 2013 eta 2022ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.
PERU ABARRATEGI
1997an jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko duela. 2022ko txapelduna.
PAULA AMILBURUA
1994an jaiotako aramaioarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko duela.
Finalista denak egon dira finaleko oholtza gainean beste edizioren batean, eta euretako lauk jantzi dute txapela. Urteetan egindako laneren fruitu da finala, belaunaldien arteko loturez, transmisioz, hamarkadetako Arabako bertsogintzaren bide honetan, lehen txapelketa jokatu zela 40 urte betetzeraino. Finalerako emango dutenaz eta helburu dutenaz ere aritu ziren, lehiatzeko prets daude denak.
Arabako Bertsozale Elkarteak bistarazi nahi du Arabako bertsogintzak egin duen azken hamarkadetan egin duen bidea.
Txapela Xabier Rico Iturriotzek jantziko dio aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena 1984an, Arabako lehen Txapelketa hartan parte hartutako kideetako bat. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile moduan aritua. 2019ko kanporaketetan kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.
Beste sari banatzaileak Arabako bertso eskoletako kideek emango dituzte.
-Aiaraldeko Bertso Eskolako Iñaki Cabeza.
-Legutioko Bertso eskolako Pantxika Agirre eta Maialen Rolón.
-Gasteizko Bertso Eskolako June Astegieta.
-Arabar Errioxako Txandrio Bertso Eskolako Iker Olabarrieta.
-Aguraingo Bertso Eskolako Borxa Sarasketa eta Oier Lopez de Gereñu.
-Mendialdeko Amaiur Garratzak.
Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, hauexek: takilan, telefonoz eta antzokiaren web gunean. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira.