Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aroa Arrizubietak jantzi du 2024 Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

2024/03/16
Aroa Arrizubieta da aurtengo txapelduna, Manexekin buruz burukoa kantatu ondoren. Aroari Xabi Ricok jantzi dio txapela. 700 lagun elkartu dira Gasteizko Printzipal Antzokian.

Larunbat arratsaldean, Gasteizen jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, arabar bertsogintza irudikatzen duen bidea.

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz)

Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio)

Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)

Paula Amilburu Izargarai  (Aramaio)

Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko)

Asier Otamendi Alkorta (Urretxu/Gasteiz)

Nierves Del Alamo aurkezle eta Oier Suarez gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Arrizubieta nagusitu da eta beraz 2024ko Arabako txapelduna da. 

Finaleko epaimahai 5 epaileekin osatuta egon zen:  Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Patzi Aizpurua. Idazkari lanetan Endika Jimenz aritu zen. Horrela puntuatu zituzten 6 bertsolariak:

Aroa Arrizubieta: 614,5 puntu

Manex Agirre: 613,5 puntu

Paula Amilburu: 415 puntu

Peru Abarrategi: 412,5 puntu

Asier Otamendi: 410,5 puntu

Iñaki Viñaspre: 381,5 puntu

Xabi Rico Iturriotzek jantzi dio txapela txapeldunari. 1982an, beste batzuekin batera Gasteizko Bertso Eskola sortu zuen. bertso eskolako irakasle, bertsolari, eta beste hainbat lanetan ere aritu izan da. Arabako Bertsozale Elkarteak orain 40 urte txapelketako plazari hasiera eman zion Xabiri aitortza egin nahi dio eta eskerrak eman egindako ibilbide eta lanagatik. 

Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…

Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak hemen ikusgai daude

Bihar, igandea, 15:00etan, finalaren laburpena eskainiko da Hitzetik Hortzera telebista saioan, ETBren lehenengo katean. Bertsoa.eus-en astelehenetik aurrera ikusgai egongo da saioari buruzko hautaketa.

Saioko argazkiak hemen

Txapeldunaren bukaerako agurra:

Promesa haundiz ahoak betez
ari dira bonbak lehertzen
eskubideak murrizten eta
jendea etxegabetzen
nola nahi dute honen aurrean
geldi geratu gaitezen
nahiz ta betatzen ari zaizkigun
berdin Bilbon zein Gasteizen
sinisten dugun honetan irmo
dihardugu GKSn
politiko ta enpresen
aurrean altxatuz ezen
egungo gazte belaunaldien
zeregina ez ote zen
borrokatzea bihar gaur baino
hobeto bizi gaitezen.