Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Bertsogintzaren bidea

Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan egindako bidea nabarmendu nahi da 2022ko txapelketaren bitartez. Eraikitako zubiek eta urteetan pausuz pauso eginiko lanak duen garrantzia goraipatuz.
1982an, Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini ziren Gasteiz eta Aiaraldean. 1984an, lehenengo Arabako Txapelketa izan zen. 1993an, Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen. Ordutik hona hainbat sariketa, proiektu, egitasmo, hausnarketa... Ordutik hona Arabako bertsogintzak bere bidea egin du.
 

Hasi, erori, altxa, makurtu, abiadura bizitu, apurtu, segi, moteldu eta aurrera, etenaldiak etenaldi, aurrera bidean gauza berriak sortu, probatu eta gozatu ditugu. Norberarena non amaitzen den eta albokoarena non hasten den ezberdindu dugu, hari fin ikusezin batek nola lotu gaitzakeen ere jakin dugu. 

Argi dugu bidean segi nahi dugula, ikasten, trebatzen, okerrak zuzentzen eta beste behin ere pausuak harro emanez, zapata zaharrak ahantzi gabe, zapata berriak oinetan jantziz. Baina bidea ez dugu bakarrik egin, ez dugu bakarrik egin nahi, bidelapurrengandik eta oztopoengandik urruti eta nortasuna duen
gizarte baten babesean egin nahi dugu. 

Bidean jarraitzen dugu, norabide eta norantza berean. Banaka egin dezakegu, grinez eta mimoz, hurkoek bidea adierazi diguten harri-pilari segika, oreka mantenaraziz, bidean gurutzatzen garenok harri-pilari bakoitzak bere harri alea gehituz, pila haziz, handituz. 

Gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, eskualde gehienetan daude bertso-eskolak eta gaztetxo zein helduentzat ematen dira bertsogintza tailerrak. Arabar geografia osoan zehar burutzen dira formatu ezberdinetako bertso saioak. Eskualde denetan lantzen da bertsogintzaren sustapena zein transmisioa eta gehienetan daude bertsolari, gai jartzaile edota epaile trebatuak. Pausuz pausu eraikitzen doan bidea.