Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako finala txapeldun bila

2022/06/08
Larunbatean jokatuko da 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Atzo aurkeztu zuen finala Arabako Bertsozale Elkarteak. Sei finalistak prestu agertu ziren saio on bat egin eta txapela janzteko. Serapio Lopezek jantziko dio txapela irabazleari.

Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatuko da, ekainaren 11n, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioan, 17:30ean.

Finalaren aurkezpena Biltzar Jauregian bertan egin zuen atzo Arabako Bertsozale Elkarteak. Egoitz Iradierrek aurkeztu zituen sei protagonistak bertan zirela:

 

XABI IGOA: 1992. urtean jaiotako aramaioarra. Laugarren aldia da finalean parte hartuko duela. 

MANEX AGIRRE: 1982. urtean jaiotako aramaioarra. Bi aldiz eskuratu du txapela 2011n eta 2015ean. 2013ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.  

 PERU ABARRATEGI: 1997an jaiotako aramaioarra. Bigarren aldia  da finalean parte hartuko duela. Seikotako gazteena.

 IÑAKI VIÑASPRE: Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik  edizio guztietan finalista izan da. 2019ko txapelduna.

OIHANE PEREA: 1977an Gasteizen jaiotakoa. 2017ko txapelduna. Lau txapela ditu 2007an, 2009an, 2013an eta 2017an txapela jantzi zuen. Txapelketa Nagusian ere kantatu du.

PAULA AMILBURU: 1994an jaiotako aramaioarra. Lehen aldia  da finalean parte hartuko duela. 

 

Finalisten hainbatetan aipatu zuten egindako ibilbidearen fruitu dela finala, belaunaldien arteko loturak goraipatuz, transmisioa, irakasle eta ikasle izandako uneak, euren artean irakasle eta ikasle izan dira hamarkadetako Arabako bertsogintzaren bide honetan. Finalera arteko urduritasunez, bizitako estuasunez, jarritako helburuez, emozioez mintzo izan ziren gardentasunez. Finalerako emango dutenaz eta helburu dutenaz ere aritu ziren, lehiatzeko prets daude denak.

 Arabako Bertsozale Elkarteak bistarazi nahi du Arabako bertsogintzak egin duen azken hamarkadetan egin duen bidea.

Txapela Serapio Lopez Ortuetak jantziko dio aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena 1982an, Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle eta antolatzaile moduan aritua.  2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

Beste sari banatzaileak Araban euskara eta kultura bultzatzen duten eta bertsolaritzaren inguruan nolabaiteko elkarlana egiten duten eragileak dira, beraien lana eskertzeko asmoz, Arabako ALEA komunikazio taldea, Legutioko Gazte Asanblada, Ttiki Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Zalduondoko Kultur Elkartea eta Mendialdeko AEK

Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean.