Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iñaki Viñasprek jantzi du 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

2019/03/30
Iñaki Viñaspre da aurtengo txapelduna, Manex Agirrerekin buruz burukoa kantatu ondoren. Viñaspreri Lierni Altunak jantzi dio txapela. 700 lagun elkartu dira Gasteizko Printzipal Antzokian.

Larunbat arratsaldean, Gasteizen jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, arabar bertsogintza irudikatzen duen bidea.

Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko)

Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo)

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz)

Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)

Xabi Igoa Eriz (Aramaio)

 

Oier Suarez aurkezle eta Marta Ugarte gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Viñaspre nagusitu da eta beraz 2019ko Arabako txapelduna da.

Finaleko epaimahai 5 epaileekin osatuta egon zen:  Ainhoa Aizpurua, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Manex Garaio aritu zen. Horrela puntuatu zituzten 6 bertsolariak:

Iñaki Viñaspre Simon, 612 puntu

Manex Agirre Arriolabengoa, 596,5 puntu

Xabi Igoa Eriz, 409,5 puntu

Oihane Perea Perez de Mendiola, 399 puntu

Peru Abarrategi Sarrionandia 384,5 puntu

Aroa Arrizubieta Barredo, 363 puntu

 

Lierni Altunak jantzi dio txapela txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena, 1997an hasi zen bertso eskolan eta gerora eta egundaino antolatzaile moduan lan handia egin du. Gai jartzaile taldearen sustatzaile eta parte da. Urte askoan, egindako lan isila eskertu nahi du Arabako Bertsozale Elkarteak.

Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…

Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak hemen ikusgai daude:

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/arabako-bertsolari-txapelketa/saioak/gasteiz-martxoak-30

Bihar, igandea, 15:00etan, finalaren laburpena eskainiko da Hitzetik Hortzera telebista saioan, ETBren lehenengo katean. Bertsoa.eus-en astelehenetik aurrera ikusgai egongo da saioari buruzko hautaketa.


Txapeldunaren bukaerako agurra:

 

Bai garaia zen ja probatzeko

benetan hau da itzela,

ta ze marroia eskaintzearena

bakarrik bati txapela

bertso eskolantzat

izan ahal zen

baina uste dut ez dela

Lierni bisitan lagun, kidea

baina gaur dugu bestela

amarentzako, anaiarentzat

baina ez da horren epela

uste dut badakitela

Iñaki ez baita ergela

Iratxe eta Ekaitz argi dut

hau merezi duzuela

eta etxean nahi zaituztegu

txori libreak bezela