Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zigoitian jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako 5.finalaurrekoa

2015/02/25
Txapelketako 2.itzulian sartuta, 5.finalaurrekoa larunbat honetan jokatuko da, Zigoitian. Sarrerak 17:00etatik aurrera egongo dira salgai Zigoitiko Kultur Etxean.

Azken txanpara iristen ari da Arabako Bertsolari Txapelketa. Larunbat honetan jokatuko da azkenaurreko finalaurrekoa, txapelketa honen 2. Itzuliko bigarrena, 17:30ean Zigoitiko Kultur Etxean.

Parte hartzen duten 18 bertsolariek bi aldiz kantatuko dute aurtengo txapelketan, ondorioz, 2.itzuliko hiru finalaurreko hauek 1.itzuliko sailkapenaren arabera osatu dira; Zigoitiko finalaurrekoa horrela osatu da:

Manex Agirre (Aramaio)

Oier Arbina (Agurain)

Peru Abarrategi (Aramaio)

Asier Rubio (Luiaondo)

Iñaki Viñaspre (Abetxuko)

Felipe Zelaieta (Gasteiz)

Amurrioko Unai Mendibili egokitu zitzaion kantatzea finalaurreko honetan baina baja izan da eta bere ordez Oier Arbinak kantatuko du. Oier Arbina 19.postuan sailkatu zen 2014an jokatutako aurre-kanporaketetan eta bertsolari ordezkoa izan da orain arte.

Bertsolari hauek, Zigoitian lortzen duten puntuazioari 1.itzulian lortutakoa gehituko zaio eta metaketa hori izango da sailkatuko duena finalerako.

Gai-emailea Zalduondoko Oier Suarez izango da.

Sarrerak 17:00etatik aurrera egongo dira salgai, Zigoitiko Kultur Etxean bertan.

Zigoitian bertso-eskola bat dago eta Zigoitiko Udalarekin batera antolatuko da saio hau, gure esker ona beraz, biei. Txapelketak ekarpena egin nahi dio udalerrian egiten den lan horri.

Saioaren informazio gehiago hemen http://www.bertsozale.eus/eu/araba/arabakotxapelketa/saioak/zigoitia-otsailak-28