Igandean Langraizen hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa
Langraizen, otsailaren 5ean, igandean, Arabako Bertsolari Txapelketa hasiko da. Jokatzen den lehenengo finalaurrekoa izango da. 17:30ean hasiko da Langraizko Gizarte Etxean.
Langraizen kantatuko duten bertsolariak, hurrengoak izango dira:
- Asier Rubio Hidalgo (Luiando)
- Felipe Zelaieta Txurruka (Gasteiz)
- Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)
- Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio)
- Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (Oreitia)
- Zigor Enbeita Zugadi (Abornikano)
Manex Agirre da 2015eko txapelduna da, Peru Abarrategi txapelketako bertsolaririk gazteena da. Zigor Enbeita 2015eko finalista izan zen.
Txapelketan parte hartzen duten 18 bertsolariek bi aldiz kantatuko dute txapelketan zehar, bi saio hauen puntu metaketak sailkatuko ditu finalerako.
Gai emailea Marte Ugarte izango da.
Sarrerak 17:00etatik aurrera egongo dira salgai Langraizko Gizarte Etxean. Bazkideak 4 euro, arrunta 6 euro, eta 16 urtetik behera eta Iruña Oka udalerriko herritarrentzat dohainik.
Eskerrak eman txapelketan laguntzen duten diru babesleei eta komunikabide laguntzaileei. Eta Langraizko saioan, bereziki, Iruña Okako udalari.
Añana eskualdean bertsozaletasuna gorantza doa euskararen ezagutza eta erabileraren eskutik. Urtean zehar bertso-tailerrak antolatzen dira 10-12 urte artekoekin, bertako ikastetxeetan. Bigarren Hezkuntzako gazteekin tailerrak antolatzen dira, Bertsoa Bizi Gazte egitasmoaren baitan. Urtero 2-3 bertso-saio inguru antolatzen dira. Arabako bertsolaritzaren sarearen parte bat da. Sarea da aurten txapelketarako aukeratutako irudia. Bertsogintza, bertso-eskolak, bertso-mugimendua… saretuta bizi ditugu Araban. Txapelketak, zerbait egitekotan, sare hori estutu, trinkotu egingo du.
Saioaren informazio gehiago hemen