Tolosako eta Legutioko aleak, Bertsoa.eus atarian
Igor Elortza, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Sustrai Colina aritu ziren bertsotan pasa den ostiralean Legution, Oier Suarez gai-jartzailearen esanetara; hurrengo egunean, Tolosan, Amaia Agirrek jarri zituen gaiak beste zenbait gonbidaturekin batera eta han oholtzaratu ziren Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Beñat Iguaran eta Maialen Lujanbio. Bi saioetako aleak bildu zituen Bertsoa.eus atariko lantaldeak eta bertsoaldien hautaketa ikusgai izango da datozen egunetan.
Bestalde, ostegunean zendu zen Jon Mugartegi bertsolaria gogoratuko du Bertsoa.eus atariak; horretarako, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, Jon Azpillagarekin osatutako saioa berreskuratu da. Zehazki, lehen plaza egin zuteneko 50.urteurrenaren bueltan, Amorotoko udaletxeko balkoitik librean kantari aritu zirenekoa izango da ikusgai eta entzungai.
Arabako Kuadrilla Artekoa abiatu berritan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere abian jarri du taldekako txapelketa. Bardoak larunbatean aurkeztu ziren Nafarroako Bertsozale Elkarteko Batzarraren ondotik eta otsailaren 2an ekingo diete saioei. Antolatzaile zein parte-hartzaileekin egoteko beta izan zuen Bertsoak aurkezpenean eta haien ahotik entzungo ditugu egitasmoaren nondik norakoak. Kuadrilla Artekoaren jarraipena eta Mikel Laboa sariketaren ingurukoak ere ezagutuko ditugu.
Gozatu bertsolaritzaz nonahi eta noiznahi, www.bertsoa.eus atarian!