Kantuen hitzek zizelkatu dute Bertso Eguna
Donostiatik Mungiarako bidea egin du aurten Bertso Egunak eta atzetik baita hainbat bertsozalek ere. Iazko etenaren ondotik, gustura hartu du zaleak Bertso Egunaren itzulera, eta 450 lagun bildu dira gaur arratsaldean Mungiako Olalde aretoan. Amets Arzallus, Andoni Egaña (Sebastian Lizasoren ordez), Manex Agirre, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariak aritu dira eguneko jaialdi nagusian, arratsaldean, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen esanetara. Artista gonbidatuak ere izan dira. Aurtengo Bertso Egunak kantuen hitzen sorkuntza eta bertso idatziak izan ditu helduleku eta hala, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariek abiatu dute emanaldia Adrian Garcia de los Ojos musikaria lagun, Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa beren azken antzezlanari keinu eginez. Euskal kantagintzako historian esanguratsu izan diren abestiak tartekatu dituzte saioan zehar, horien gaineko gogoeta propioa eginez, eta gerora etorri diren gaiak aurreratuz. Jon Martin bertsolariak ere hartu du parte.
Orain arte egin moduan afaria eskaini beharrean, aurtengoan bazkaria antolatu da. Gainera, otordurako hiru leku izan dira aukeran eta bazkari bakoitzean bina bertsolari: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza Elkartean; Jon Maia (Sustrai Colinaren ordez) eta Miren Amuriza Anaitasuna Elkartean; eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer elkartean. Bazkaltiarrek Mikel Barandiaran eta Julene Otegiren trikiti doinuak izan dituzte bidelagun otordurako bidean. Guztira, 230 bat lagun bildu dira.
Iazko etenaren ondotik, Donostiatik Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa du Bertso Egunak lurralde osoan eragin asmoz. Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak aurtengo Bertso Eguna antolatzeko.
"Musikak hitz egin behar du, eta hitzek kantatu"
Eguerdirako proposamena ere izan du Bertso Egunak; mahai-ingurua izan da Torrebillela eraikinean. Aurtengo Bertso Eguneko gaia aintzat hartuta, kantuen hitzen sorkuntzaren inguruan aritu dira Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariak eta Jon Maia bertsolaria, Alaia Martinen gidaritzapean. Lehen biak hainbatetan aritu dira elkarlanean idazle eta bertsolariekin beren abestietako hitzak sortzerakoan, eta Maiak askotan jarri ditu bere hitzak musikarien zerbitzura, besteak beste, Gari, Anari edota Negu Gorriak.
"Musikak hitz egin behar du eta letrak, hitzek, kantatu. Ondo ezkondu behar diren elementuak dira" azaldu du Rafa Rueda abeslari eta musikariak. Bat etorri dira mungiarrarekin Rivero zein Maia; "hitzek nire momentuarekin bat egin behar dute, sentitzen dudanarekin", gaineratu du Riverok. Bertsolari zumaiarrak kantu ezagunen hitzak egin ditu; bereak dira, esate baterako, Negu Gorriak taldearen Lehenbiziko bala edo Gozategiren Nirekin: "Nire biografia osatu daiteke nik egindako letrak jarraituz". Rafa Ruedak ere lan egin izan du bertsolariekin: "Unai Iturriagak egin zituen Bi musu kantuaren hitzak. Eskatutako egun berean egin zizkidan. Konexio izugarria izan genuen", azaldu du eta zentzu horretan abestiei hitza jartzerakoan bertsoen egokitasunaz aritu da: "Zailagoa izaten da poesia modu librean hartu eta musikatzea; bertsoen egitura askoz errazagoa zaigu horretarako". Hala ere, musika jakin baterako egindako lanketari dagokionez Maiak gehitu du "letragintza" edo hitzen sorkuntza badela "neurri batean beste genero bat: ez da poesia, ez da bertsoa,..".