Ia 300 bertso jaialdi ikasturtea agurtzeko

2022/05/30
Ikasgelan, bertso-eskolan nahiz beste zenbait ekimenetan gozatu dute bertsoaz Euskal Herri osoko hainbat gaztek. Orain udari begira daude asko; uztailean egingo dira Bertso Udalekuetako bost txandak.

Ikasturte osoan jasotakoa eta egindakoa bertsotara ekartzeko garaia iritsi zaie lehen hezkuntzako gaztetxoei. Bertsolaritza ikastetxean programan dauden hainbat ikasgelaren eskutik, 288 bertso jaialdi egingo dira ikasturtea agurtzeko; gehienak Gipuzkoan. Ikasleek eskolan bertan, herri mailan zein eskualdeka elkartuta emanaldiak eskainiko dituzte jendaurrean. Oholtzan aukera izango dute aurrez prestatutako ikuskizuna eskaintzeko eta baita bat-batean egitekoa ere. Zenbaitetan bertsolari gonbidatuak izango dira, eta musikariak ere bai.

Ikastetxeetako jaialdiez gain, beste hainbat saio berezi ere egiten dira ikasturte amaieran bertso-eskoletan, oholtzara igo eta adinkideen aurrean kantuan aritzeko. Hamaika topaketa egiten dira bertso-eskolen artean, bereziki, Araban eta Nafarroan.

Bestelako ekimen batzuen bidez ere, bertsolari gazteek izan dute oholtzara igotzeko aukera ikasturte osoan zehar: esate baterako, Bizkaiko Plazara! edota Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan egiten den Haizea Dator ekimenen bidez.

Material berria irailean

Agurtzera goazen 2021-2022 ikasturtean, 7 lurraldeetako 511 ikastetxetan eskaini dugu bertsolaritza proiektua Bertsozale Elkartetik: 29.972 ikaslek landu dute bertsoa Bertsozale Elkarteko 50 irakasleren eskutik.

Ikasmaterial berria ere izan dugu geletan: Zozoak beleari…kopla bi!. Sekuentzia didaktiko berriak jarri ditugu eskura www.bertsoikasgela.eus atarian, bertso saio musikatuekin, azalpen dinamikoekin, pantailarako jolasekin… Gainera, karta jolasak eta ikasliburuak ere sortu ditugu. Bertsolaritza irakasleek eurek sortzen duten ikasmateriala, eta bertsolariei ere eskatzen dizkiegu kolaborazioak, gelan landuko diren eduki didaktikoen inguruan haurrei zuzendutako bertso sortak jar ditzaten.

Irailean hasiko dugun ikasturte berrirako, bertsolaritza bigarren urtez lantzen ari diren gelei zuzendutako materiala prest izango dugu; Zozoak beleari…kopla bi! materialaren bigarren zatia, alegia.

Eta laster… Bertso Udalekuak!

Irailean material berria estreinakoz erabili aurretik, ordea, aisirako sasoia dator; eta horretarako aparteko magia dute Bertso Udalekuek. Duela bi asteburu egin zuten Bertso Udalekuetako hezitzaileek udan egingo duten lanerako prestaketa saioa. Uztailean bat egingo dute parte-hartzaile gaztetxoekin Amaiurren, Irañetan, Larraulen eta Zuhatzan egingo diren txandetan.

Jaialdiak hezkuntza arautuan nahiz topaketak bertso-eskoletan. / XDZ