Doinuak, txapelketak eta argitalpenak, otsaileko BertsoZalean
Egun kopurua aintzat hartuta hilabete motza izanagatik, beste hamaiken aldean ez da motz geratzen, eta hamaika kontu dakartza otsaileko berripaperak ere.
Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 amaitu eta bi hilabete pasatzerako kalean da txapelketari buruzko guztia biltzen dituen liburua eta CDa, eta argitalpen berriak hartu du otsaileko berripaperaren azala: bertsoen transkripzio zein audioak, doinuen pentagramak, adituen analisiak...udazkeneko asteburuetan egindakoaren oroitzapen bikaina izango duzu bilduma honetan jasota. Bertsozale Elkarteko bazkideek 25 euroren truke eskuratu ahal izango dute; salmenta prezio arrunta 30 eurokoa da - Internetez eskuratuz gero, bidalketa gastuak gehitu behar dira -. Amasa-Villabonan dagoen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan eskura daiteke edota www.lanku.eus atarian.
Aipatzekoa da azken txapelketa honetan erabili den doinu berrien kopurua baina baita haiek sailkatzeko eta jasotzeko egin den lanketa ere. Martin Aramendi horretan aritzen den lantaldeko kidea da eta hark emango dizkigu xehetasunak doinu berri bat agertzen denetik jasotzen den arte egiten duen bideaz.
Txapelketa Nagusia amaituta bestelako txapelketa eta egitasmoek egin dute leku 2018aren hasiera honetan. Batetik, taldekako egitasmoa den Nafarroako Bardoak eta bestetik, bertsolari gazteak biltzen dituen Eskolartekoa. Bien berri izango duzu hilabete honetako BertsoZalean.
Batzar Nagusiaz, Bertso Udalekuen izen-emateaz eta BBK sariketaz ere badu zer esanik azken ale honek eta ohiko bertsoa, Puntua jarrita eta Poto-Finixa ere badakartza. On egin!