Bihar hasi eta igandera arte, Durangoko Azokan izango gara

2017/12/05
Goienkale 38an izango gara Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak. Erakusmahaiaz harago, azokako beste guneetan ere izango gara emanaldiekin eta solasaldiekin.

Jon Maiaren Berriak jaio ginen liburuaren bigarren edizioa eta Potx eta Lotx herriko festetan diskoa – Oñatiko Txinparta bertso eskolakoek egin dituzte hitzak -  izango dira eskuragai Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen mahaian. Horiexek izango dira Durangoko Azokako Goienkaleko 38an topatu ahal izango diren nobedade nagusiak. Hauei gehitu behar zaizkie azken urteetan ateratako argitalpenak. 

Abenduaren 6an eta 7an, 12:30etik 14:30era, Jon Maia izango da mahaian bere argitalpena sinatzen; abenduaren 7an, arratsaldez, Potx eta Lotx pailazoak; eta abenduaren 8an, 11:30etik 14:00etara, Xabier Amuriza egongo da gurean.

Ahotsenean eta Saguganbaran ere bai

Bestalde, emanaldiak izango dira azokako guneetan Lankuren eskutik: abenduaren 7an, Ahotsenean, Berriak jaio ginen liburuaren aurkezpena egingo du Jon Maiak 12:00etan. Egun berean, 16:00tan eta Saguganbaran, Plaza irrintzika emanaldia eskainiko da.

Abenduaren 8an Harria maitasun istorioa eskainiko du Iñaki Perurenak 17:00etan Ahotsenean, eta hurrengo egunean, gune berean baina 12:00etan, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak gara ikuskizunaren laginaz gozatu ahal izango da.

Gustura hartuko zaitugu. Zure zain izango gara!

Xabier Amuriza ere gurean izango da aurten.